Larunbatean Berangoko ume eta gurasoak jarriko ditu dantzan Kanpanoluek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 21a, 18:19
Euskal Herriko 35 herritan ibili ondoren, Gabonetan 15 emanaldi berri eskainiko ditu Kanpanoluek; eta Uribe Kosta eskualdean, Berangon baino ez dute emango saioa. Haur eta familiarentzako antzerki musikala da Kanpanolue. Dantza eta antzerkia biltzen ditu erritmo eta ohitura desberdinak tartekatuz. "60eko hamarkadako doinuak eta erritmoak gogora dakartzan ikuskizun honek herriko plazetan egiten ziren erromerietako dantzarako zaletasuna berreskuratu nahi du", taldeko kideek adierazi dutenez. Besteak beste, larunbat honetan, abenduak 23, izango dira Berangoko frontoian, 18:30etik aurrera. Argazkian, Kanpanolueko kideak.
"Kanpanolue deituriko orkestra ospetsua herrira bueltatu da umeei eta familia osoari kontzertu bat eskaintzeko asmoarekin. 60eko hamarkadako musika talde honek ospea eskuratu du urteetan zehar munduko herrialde desberdinetan eskainitako ikuskizunetan eta jarraitzaile edo kanpanoluzale ugari egin ditu. Saio berri bakoitzarekin ospea handitu eta, bide batez, errekor bat lortu nahi dugu: milioika zale egin ondoren 25 milioi kanpanoluzale lortu", umorea ez zaie falta, eh?. Kanpanoluzale izateko martxosoa izan behar da; jokorako zein dantzarako trebetasuna erakutsiz pegatina bat lortu ahalko da, euren hitzetan. "Horrela, munduan gero eta kanpanoluzale gehiago daudela frogatuko da eta errekorra lortzeko asmoa ere gauzatu egingo da", diote kanpanolukideek.

Hala ere, larunbatekoa, Berangoko Udalak Gabonetarako prestatutako egitarauaren icebergaren punta besterik ez da. Hona hemen aipagarrienak:

Abenduak 24, igandea

17:30 Olentzeroren kalejira, probalekutik frontoiraino. Ondoren, Olentzerori harrera egin eta opariak eta gaztaina erreak banatuko dituzte euro baten truke, Guatemalako umeei laguntzeko.

Abenduak 26, asteartea

18:30 Txirri, Mirri eta Txiribiton junior pailazoak frontoian.

Abenduak 27, asteazkena

9:30-18:00 Barakaldoko BECen dagoen Gabonetako Umeen Parkera irteera. Izena emateko, kultur etxean abenduaren 22ra arte.
18:00-23:30 Euskal Selekzioaren partida ikusteko irteera (13-18 urte). Nahi izatekotan, 27ko irteera bietara joaterik badago 9:30etik 23:30era. Izena emateko, kultur etxean abenduaren 22ra arte.

Abenduak 28, osteguna

19:00 "Amor desmadre" antzezlana, Popotamus taldearen eskutik. 12 urtetik gorakoentzat izango da gaztelaniazko emanaldia Berangoetako kultur etxean.

Abenduak 30, larunbata

19:00 Iparraldeko abestien kantaldia Berangoetako kultur etxean, Pil-Pil kantuz taldeak eskainita.

Urtarrilak 4, osteguna

9:30-19:00 Gasteizko izotz-pistara irteera. Izena emateko, kultur etxean abenduaren 22ra arte.

Urtarrilak 5, ostirala

18:00 Errege Magoak Txu-Txu trenean joango dira Santa Anatik pilotalekuraino eta han harrera egin eta txokolate jana eskainiko dute. Naturaz gaindiko pertsonaiak eta sua izango dira protagonista Erregeekin batera joango den kalejira ikusgarrian. Eta ikuskizun akrobatiko bat eskainiko dute Elexaldetik gertu.

Urtarrilak 6, larunbata

22:00 Euskal Telebistako “Euskal Kanturik Onena” programan parte hartu zutenen kantaldia izango da frontoian.

Urtarrilak 7, igandea

18:30 “Filamento el Farolero” malabare eta umore ikuskizuna frontoian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun