Landak azaldu zuenez, Getxoko EAJk udal hauteskundeetara eramango duen programa datozen hilabeteetan jakinaraziko diote gizarte getxoztarrari. Halere, programaren oinarri izango diren bi gakoak aurreratu zituen: “Getxorako nahi dugun hiri eredua” eta “Getxorako proiektu berri hori garatzeko nahi dugun era”. Lehenengo gakoari erantzunez, hautagaiak aipatu zuen Getxok dituen bizi kalitatearekin, “hirigintza harmonikoarekin”, “garbitasuna, segurtasuna, behartsuei jarritako arreta, irisgarritasuna eta oztopo arkitektonikoen desagerpena bezalako udal zerbitzuen kalitate eta asetze parametroekin” erreferente dela inguruan. Gainera, Landaren arabera, Getxo udalerriko kultur eskaintza eta kirol azpiegitura guztion “inbidia” da eta “gure hizkuntzaren normalizazio politika Euskadin erreferentea da”. Hori guztiori “udal, foru eta nazio mailako erakunde publikoetan EAJk erabili duen gidaritza eztabaidaezinetik getxoztarren ahaleginari eta parte hartzeari esker” egin dela zehaztu zuen Landak, berriki Udalak irabazi duen zilarrezko Q-a adibidetzat jarriz.
”Getxo bizia” EAJren proiektu berria
Baina, alkategaiaren ustez errealitate hau ere hobetu daiteke eta EAJ ez da konformismoan erori baizik eta proiektu berri batean lan egiten dabil, “hiritarren behar eta eskari nagusienei erantzuteko”, Getxoko gizartearen isla eta katalizatzaile izango den proiektuan. Imanol Landaren aburuz, ekintzailea, elkarte sare handia duena, solidarioa, enpresa eta merkataritzako profesional onak dituena, kultur, musika, kirol, dantza, antzez, arte eta literatur mailan erreferente garrantzitsuenak dituena da Getxoko gizartea eta horri erantzun beharko lioke EAJren proiektuak.
Horrela, jelkideen helburua errealitate hori sustatzea izango litzateke, Getxo “Euskadin, bere kulturan, bere hizkuntzan eta identitatean errotutako udalerria” izan dadin eta “aldi berean mundura irekita” egon dadin. “Etengabe martxan dagoen” eta “ekimen handiko” udalerri “berritzailea” izateko, “bertako auzokide, ume, gazte zein nagusiak harrotu eta hunkituko dituen Getxo bizia”. Ikusteke dago jelkideek lelo hori, “Getxo bizia”, mantenduko dutenentz. Izan ere, 2003tik aurrera Getxon udal politikaz arduratzen den ezker abertzaleko herri plataformaren izena da Getxo Bizia.
Lan egiteko erari buruz “udaletxetik auzokideei zerbitzuak eskaintzeko gogoarekin baina baita auzokideekin beraiekin” lan egingo dutela agindu zuen Landak. Hautagaiak aitortu zuen hiritarrak “gure politiken parte hartzaileak eta konplize” izatea bilatuko dutela “umiltasunez, hurbiltasunez, arretaz eta ate irekien politika eginez”.
Zarraoaren lana, “ikaragarri ona”
Bestalde, Iñigo Urkullu EBBko presidenteak “ikaragarri ona izan da Euzko Alderdi Jeltzaleak udalerrian egindako lana eta kontuan hartu behar da konplexutasun soziopolitiko berezia duela lan horrek” esanez Iñaki Zarraoaren eta azken zortzi urtetako Udal Gobernukideen lana eskertu ostean Landaren hautagaitza goraipatu zuen: “ez dela bat bateko gauza izan, oraingo udal taldeak egin duenarekin kontrastatutako zerbait izan da”.
Getxo Udalerrirako EAJk aurkeztu duen udal hautes-zerrendako lehenengo hautagaiak
- Imanol Landa Jauregi: 39 urte. Abokatua. Getxoko zinegotzia (1999-2006). Udal egoitzaren presidentea (1999-2003). Lehenengo alkateordea (2003-2006). Euskalduna.
- Begoña Ezkurra Ciruelos: 61 urte. Informazio Zientzietan lizentziatua; Historia Doktoretza. Getxoko zinegotzia (2003-2006). Erdalduna.
- Joseba Arregi Martinez: 45 urte. Zuzenbidean lizentziatua; langileria zuzentzen aritua. Getxoko zinegotzia (1995-1999). Erdalduna.
- Keltse Eiguren Alberdi: 42 urte. Zuzenbidean lizentziatua. Bizkaiko Tutoretza Erakundearen langilea. Erdalduna.
- Aitor Soloeta Eraso: 42 urte. Abokatu – ekonomilaria. Ogasuneko ikuskatzailea; Batzar Nagusietako langilea. Euskalduna.
- Elena Coria Yanguas: 35 urte. Zientzia Politikoetan lizentziatua. Getxoko zinegotzia (2003-2006). Euskalduna.
- Koldo Iturbe Mendilibar: 38 urte. Zuzenbidean lizentziatua. Getxoko zinegotzia (1999-2003). Aldundiko Langilea. Euskalduna.
- Kepa Miñanbres Llona: 46 urte. Lan Zientzietan lizentziatua. Osakidetzako langilea. Euskalduna.
- Josu Loroño Goienetxe: 48 urte. Komunikazio Zientzietan lizentziatua. EITBko langilea. Euskalduna.
- Alvaro Gonzalez Perez: 38 urte. Ingeniari Teknikoa. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko langilea. Erdalduna.
- Ana Ares Martinez: 48 urte. Geografia eta Historian lizentziatua. Aldundiko Langilea. Euskalduna.