Mikel Luloaga Bai Euskal Herriari ekimeneko bozeramailearen ustez, Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzeko eta frogatzeko euskal gizarteak makina bat jarduera egin du azken bi hilabeteotan: EHNA onartzen duten denda-gidak kaleratu izana, hainbat unibertsitatetan EHNArekin bozkatu edota agiria eskuratzeko tramiteak egin ahal izatea, lantegietako hauteskundeetan EHNA erabiltzea, eta abar. Luluagak nabarmendu du gainera, EHNA zabaltzeko ekimenak antolatzeko jende anitzak eta askotarikoak parte hartu izana.
Baina, euskal jendartea euskal herritar gisa agertu nahi badu ere, kezka horri egungo marko politikoak ez dio erantzuten Luloagaren ustez, testuinguru horretan biharko deialdia kokatu duena: "dagozkigun eskubideak praktikan irabazteko eguna da".
Bestalde, EHNA onartzen ez duten saltoki eta erakundeen jarrera salatu du Bai Euskal Herria Ekimenak eta espreski aipatu ditu Ikea, EuskoTren eta FNAC enpresen kasua.