Joan den ostiraleko udalbatzarrean, Juan Angel Otxoantezana presoaren senideek bisitatik bueltan izandako auto-istripua gaitzestea eskatu zioten tokiko gobernuari Getxo Biziak eta Getxoko Etxeratek. "Ohi legez, EAJ-EA-EB hirukoak nahiago izan zuen gaiari muzin egin, eta bilkuran ez eztabaidatu", salatu du prentsa ohar bidez ezker abertzaleko herri plataformak. Iñaki Zarraoa alkateak zera esan zien: "larriena ez da istripua, sakabanaketa bera baizik. Guk behin eta berriz aldarrikatu dugu presoak Euskadin egon behar direla eta, bide horretan doaz, bidaietarako senideei ematen dizkiegun diru-laguntzak". Horri erantzunez, "oraingoan zergatik geratu diren isilik ez argitzea" egotzi dio udal agintariari Getxo Biziak. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, bere aldetik, "berriro apartheid politikoa aplikatu eta istripuen gaia ezkutatzeko ahaleginak egitea" leporatu dio Getxoko Udalari, Etengabe bitakoraren bitartez. Argazkian, Getxo Biziako ordezkaria udalbatzarrean / Etengabe.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!