"Bertan planteatuko ditugun ekimenen artean, talde zabala osatu eta urtarrila aldera prentsaurreko bat ematea dago, getxoztar guztiei tailerrean adostutakoaren berri emateko eta orubearen erabilera pribatuaren aurka agertzeko. Era berean, ordurako prest egongo da Parte Hartuz prestatzen ari den ondorioen txostena", azaldu du Getxo Biziak. Bilera ondo prestatzeko zein guztien arteko komunikazio bideak errazteko, e-posta biez mezua bidaltzea (info[a bildua]getxobizia.org) eskatu dute, bileran parte-hartzea konfirmatzeko.
Ostiraleko udalbatzarra
Duela urtebete Getxoko Udalak erabakitakoaren aurka aurkeztutako 1.200 alegazioak atzera bota eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) egindako aldaketa zehatza behin-behinekoz onartzea erabaki zuten, ostiraleko udalbatzarrean, EAJk, EAk eta EB-Berdeek, Algortako Portu Zaharreko orubea ekipamendu publikoetarako izatetik pribatuetarako izendatuz. Aurrekoan bezala, PPk eta PSE-EEk aurka agertu ziren, "aldaketa justifikatu gabe" zegoela esanez. Are gehiago, "ezkutuka" aritzea egotzi zioten udal gobernuari, bertan talasoterapia zentroa jartzea dagoela atzean ulertzera emanez. EBrekin izan zen bereziki kritikoa Luis Almansa PSE-EEren bozeramailea, "eremu horren bokazio sozialari muzin egiten diolako". Iñaki Urkiza Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako zinegotziak (EBkoa berau), berriz, abenduaren 2ko hausnarketa kolektiboan, Itsas Ganen esandakoari eutsi zion: "oraingoz talasoterapia dugu paperetan, baina beste edozer izan liteke, proposamenak egonez gero", adierazi zuenez. Iñaki Zarraoa alkateak gehitu zuenez, "talasoterapia ez litzateke turistentzat soilik izango; Donostiako La Perlara adineko jende ugari ere joaten da".
Getxo Biziak, berriz, "bertoko jendeari baino, Portu Zaharra ezagutzen ez duen enpresa katalan bati jaramon gehiago egitea" egotzi zion Getxo Udalari. "Bertako zein Getxo udalerriko jendeak oso argi utzi du, urteetan zehar, beteunea erabilera publikorako nahi duela; modu informalean, hainbat eratan; modu formalean, 1.200 alegazioen zein Itsas Ganen egindako tailerraren bidez", azaldu zuen Josu Amezagak, ezker abertzaleko herri plataformaren izenean. Hartutako erabakiak ordea "errefusa gehien sortzen duen bidea" ireki duela diote Getxo Bizikoek: "erabilera pribatuarena, hots, enpresa bati eman, turistentzako zerbitzuak salduz etekin ekonomikoa ateratzeko, getxoztarrei herriko txoko gozoenetako bat ostuta". Eta esaten zutena argitzeko, bilkuran aurkeztutako dokumentazioaren arabera aldaketa justifikatzen duen Turismo Planak dioena irakurri zuten, hitzez hitz: "El centro de talasoterapia se entiende como un servicio dentro de un establecimiento hotelero de alta categoría ubicado a primera línea de mar, dirigido a segmentos de mercado que buscan satisfacer sus necesidades de puesta en marcha, estética y belleza, stress". Orubean, beraz, "herritarrek nahi dutena soilik egin dadin" Getxo Biziak bere esku dagoen guztia egingo duela agindu zuten plataformako kideek.
"Naziak bezala"
Zarraoak emandako erantzuna zur eta lur utzi zuen bat baino gehiago, "naziak bezala", herritarrak nahastu nahian etengabe gezurretan aritzea leporatu zion ezker abertzaleari, euskaraz esandako hitzetan. Erdaraz, ordea, "botatakoaren larritasunaz ohartu" eta hitz horiek erretiratu eta barkamena eskatu zuen alkateak. Baina gezurra ibiltzea leporatu zien, berriz ere, ezker abertzaleko kiddeei. Esan zuenez, Udalak bereiztu egin ditu jada hotela (Punta Begoñan) eta Talasoterapia (Portuan). Eta ez omen datoz bat Talasoterapia turistei zuzentzearen ideiarekin. "Horrez gain, gaitik kanpora joan zen, Ondarrun eta Elorrion ezker abertzaleak ez-dakit-zer eta ez-dakit-noiz onartutako pribatizazio kasu bi aipatuz", kritikatu du Getxo Biziak.