Galdutako paperak tarteko, tasak eta apartheid politikoa bat izan dira Getxoko abenduko udalbatzarrean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 26a, 20:55

Azaroaren 24ko osoko bilkuran eman ziren onartutzat 2007rako udal tasak eta zergak, Getxo Biziak aurkeztutako alegazioak tramitatu ere egin gabe. "Nonbait galdu egin ziren", ezker abertzaleko herri plataformak salatutakoaren arabera: "Gure erreklamazioa aurkeztuta, berriro ekarri zuten gaia bilkurara (nahiz eta jadanik Bizkaiko Buletin Ofizialean agertu diren), gure alegazioak tramitatu, ezetsi, eta onarpena ematera", azaldu du Josu Amezaga Getxo Biziko ordezkariak. Gertatutakoa "apartheid politikoarekin" lotu zuen osoko bilkuran Amezagak; baita Iñaki Zarraoa alkatea horren "erantzule" egin ere. Udal agintariak, berriz, "zuek zarete bazterketaren errudunak" erantzun zion. Argazkian, Josu Amezaga Getxo Biziko hautetsia.

Getxoko PP hasi zitzaion EAJri erasoka tasen gaiarekin: nola den posible kalitatezko Q-a lortu duen Udalean paperak galtzea, aipatuz. "Eskerrak getxoztar batzuk alegazioak aurkeztu, plenoetara etorri, errakuntzez jabetu eta erreklamazioak aurkezten dituzten", esan zuen Eduardo Andrade popularren bozeramaileak. "Batere gorritu gabe", Josu Amezaga Getxo Biziko ordezkariak salatu duenez.

Abenduaren 22ko udalbatzarrari buruz egindako kronikan horrela azaltzen ditu Amezagak "galdutako paperen" gainekoak:

Amaierako gure interbentzioan kontu bat argitu genuen: Tasekin gertatutakoa ez da errakuntza baten ondorioa izan, gure aurkako apartheid politikoaren emaria baizik. Izan ere, hauteskundeetara legearen barruan aurkeztea izan bagenu, ez zen horrelakorik gertatuko; eta horren arduradunak gure ilegalizazioa bultzatu zuten alderdiak dira. Gure ordezkaritza onartua balitz, ez zen gertatuko; eta hori gure aulkia ostu duen alderdiaren ardura da. Informazio Batzordeetara etortzeko edota Osoko Bilkuretako gai bakoitzean hitz egiteko aukera emango baligute, ez zen gertatuko; hori Alkatetzaren erantzukizuna da. Eta, besterik gabe, beste batzuetan bezala bilkura aurretik gai-ordenari buruz hitz egitera gonbidatu bagintuzte, ez zen gertatuko; eta hori Gobernu Taldearen ardura da. Beraz, errakuntza ez da paper bat galtzea izan, gure aurkako bazterkeria baizik.

Alkateak lekuz kanpoko erantzuna eman zuen (inork badaki nola esaten den "salirse por peteneras" euskaraz?): bazterketaren errudunak gu garela alegia, Eusko Legebiltzarrean Alderdien legeari helegitea jartzea onartu ez genuelako. Eta aurreko puntuan PPko eleduna bezain lasai geratu zen. Bestalde, beragatik balitz Informazio Batzordeetara joango ginatekeela, baina alderdi guztien adostasunik gabe ... Bilkuretako puntuetan hitz egiten utziko baligute epaitegian amaituko lukeela, "antza denez beste nonbait gertatu den bezala". Eta gai-ordenaz hitz egiteko gonbidatzeaz ez zuen ezer esan.

Ez nuen esan, dokumentazio faltagatik; baina bigarren onarpen honetan ere beste errakuntza bat ote dagoen susmoa daukat; agian hurrengo bilkurara itzuliko da gaia...

Josu Amezaga / Getxo Biziko hautetsia
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun