Uribe Kostan hamaika lagunek ekingo diote presoen aldeko gose grebari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 27a, 15:25

Urola Kostatik bueltan, Uribe Kostak hartuko du, abenduaren 30etik urtarrilaren 6ra bitartean, euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekimen ibiltaria, eskualdeko Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren eskutik. Mitxel Sarasketa preso ohiak aditzera eman duenez, 37 dira Espainia eta Frantziako espetxeetan dauden Uribe Kostako lagunak eta horietatik hiruk "kondena osorik bete zuten aspaldi". "Bereziki adierazgarria da Jon Bilbao erandioztarraren kasua: urtarrilean 25 urte egingo ditu kartzelan", gaineratu du. Hain zuzen ere, horregatik aukeratu dute Erandioko Correoseko bulego zaharra hamaika gose grebalariak hartzeko. Tartean, ekitaldiak izango dira aste osoan eskualdean zehar. Gainera, eragile ugarik (suhiltzaileak, Algortako Bertsolari Eskola, Uribe Kostako AEKko irakasleak, Uribe Kostako LAB, Getxo Bizia eta Leioa Abian ezker abertzaleko herri plataformak...) ere babesa eman diote ekimen ibiltariari. Prentsaurrekoaren zati bat jasotzen duen bideoa sarean eskegi du UKBERRI.NETek. Argazkian, eragile ezberdinetako zein euren izenean hurbildutako 35 lagun batu dira gaurko prentsaurrekora.

Jon Bilbao "Moro" erandioztarraz gain, eskualdeko beste bi preso egon behar ziren "aspaldian" kalean: Marian Perez del Rio algortarra eta Jagoba Terrones berangoztarra hain zuzen. Hala ere, "espetxe barruko egoeraren okertzea" preso guztiak "sufritzen" ari direla azpimarratu du Sarasketak. "Preso guztien egoera da dramatikoa eta denak izan beharko lirateke kalean. Bakoitzaren atzean tragedia bat dago eta tragedia hori, gainera, izkutatuan gelditzen da", azaldu du. Horren adibide, Orkatz Gallastegi berangoztarraren eta, gaixo egon arren, espetxe barruan jarraitzen duten eskualdeko hainbat lagunen kasuak gogora ekarri ditu preso ohiak. Hain zuzen ere, horiek guztiak "gizarteratzea" da ekimen ibiltariaren helburua: "gaixo diren presoak eta kondena osoa bete dutenak kaleratzeko eta euskal preso politiko guztiak Euskal Herrira ekartzeko aldarrikatzea, alegia". Arazo horiek konpondu ezean, "prozesurik ez" dagoela azpimarratu du Sarasketak. Horrekin batera, ekimen ibiltariarekin bat egin eta horretan parte hartzeko dei egin die eskualdeko eragileei preso ohiak.

Ekitaldi ugari

Ekimen ibiltariak Uribe Kostara ekarriko dituen ekitaldien artean dozena erdi nabarmendu ditu Sarasketak. Besteak beste, larunbat honetan egingo dute agerraldi publikoa Erandion, 19:00etan, gose grebari ekingo dioten hamaika lagunak bertan daudela. Gabon zahar gauean, berriz, ur brindisa egingo dute gose grebalariekin, 12ak jota, Correoseko bulego zaharrean. Urteberri egunean ere ekitaldiak izango dira: horien artean, enkartelada izango da Berangon, 13:00etan. Bi egun beranduago ekimen ibiltariaren gaineko xehetasunak emango dituzte mediku eta abokatu banak, Astrabuduan 20:00etatik aurrera izango den hitzaldian. Azkenik, urtarrilaren 6an, Uribe Kosta eskualdean ekimen ibiltariari bukaera emateko ekitaldia egingo dute Algortako Txiki eta Otaegi plazan. Bertan, eragile ezberdinek astean zehar hartutako konpromisoak batuko dira eta ekitaldi politikoa egongo da. Hortik bi ordutara Donostiara abiatuko da autobusa, belodromoan egingo den ekitaldi nazionalarekin bat egiteko. Horretaz gain, naiz eta ekiemn ibiltariak hartuko duen astetik kanpo gelditu, urtarrilaren 19an, Astrabuduan izango den manifestazioa aipatu du Sarasketak. "Jon Bilbao Moro askatu" lelopean, preso erandioztarra kalean egon behar duela aldarrikatuko dute, espetxean 25 urte betetzen dituen egunean.

Egitaraua:

Abenduak 30, larunbata.
11:00 Basauriko espetxera martxa, Faduratik abiatuta.
19:00 Ekimen ibiltariaren hasierako ekitaldia Erandion.

Abenduak 31, igandea.
13:00 ur bertso-triki-txikiteoa Algortan.
19:00 Kontzentrazioa Algortako Telletxe plazan.
19:00 Ur txikiteoa Sopelan.
19:30 Brindisa eta ur txikiteoa Leioan.
20:00 Kontzentrazioa Berangon.
20:00 Brindisa Astrabuduan.
24:00 Ur brindisa gose grebalariekin Erandioko Correoseko bulego zaharrean.

Urtarrilak 1, astelehena.
13:00 Enkartelada Berangon.
19:00 Enkartelada Urdulizen.
20:00 Enkartelada Astrabudua eta Itzubaltzeta / Erromon.

Urtarrilak 2, asteartea.
18:00 Auto-karabana Leioako metrotik Urdulizera.
19:30 Ur poteoa eta enkartelada Urdulizen.
19:30 Bideo emanaldia eta mahai ingurua Algortan.

Urtarrilak 3, asteazkena.
20:00 Hitzaldia Astrabuduan.

Urtarrilak 4, osteguna.
19:00 Enkartelada Algortako Txiki eta Otaegi plazan.
20:00 Enkartelada Berangon eta Leioan.

Urtarrilak 5, ostirala.
19:00 Kontzentrazioa Algortako Telletxe plazan.
19:00 Kontzentrazioa Sopelako Errege Magoen kabalgatan.

Urtarrilak 6, larunbata.
13:00 Zakua bete konpromiso Algortako Txiki eta Otaegi plazan.
13:30 Kalejira Algortan.
15:00 Denok belodromora! Autobusak Algortatik.

Urtarrilak 19, ostirala.
19:30 Jon Bilbao "Moro" askatu! manifestazioa Astrabuduan.

Ur botilez osatutako otzararen zozketa Algortako Amnistia tabernan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun