
Gaur eguerdian Algortako San Nikolas plazan egindako prentsaurrekoan,
Etxerateko kideek ere hartu dute hitza elizak eta
Getxoko Udalak
ekimen ibiltariaren aurrean izan duten jarrera salatzeko. Izan ere, hasiera batean Algorta ere bazegoen gose greba egiteko tokia jartzeko aukeren artean. "San Nikolas elizara joan ginen lokala eskatzera eta, hasieran baiezkoa eman ziguten arren, Gotzaitegiak aginduta atzera bota ziren ondoren. Hirukoiztarren elizara jo genuenerako dagoeneko bilera eginda zeukaten parrokiek ezekoa emateko", salatu du presoen senideetako batek (argazkian). Getxoko Udalari dagokionez, idatziz egin zuten eskaera: "Asteartean (gaurgatik) erantzungo zigutela esan zuten. Hala ere, gaur deitu behar izan dut telefonoz eta gutun bidez ezekoa eman digutela ez didate esan ba! Zergatia galdetuta 'arrazoi politikoak' argudiatu dituzte. Ze arrazoi politiko eta ze arraio, ahoa bakea hitzarekin betetzen zaienean eta bidean harriak jarri eta jarri ari direnean", kritikatu du Etxerateko kideak.