Hain zuzen ere, espetxe barruko egoera "okerrera" egitea izan zen ekimen ibiltariaren sua piztu zuen garra. Urriaren 22an hasita, eskualdez eskualde txandakatzen hasi zenetik, hiru izan dira ardatz nagusiak: batetik, kondena osorik bete duten presoen askatasuna aldarrikatzea. Egoera honetan daude ehun bat lagun, Virumbralesek azaldutakoaren arabera, "zirrikitu ezberdinak erabiliz (delitu berriak egotziz, kondenak luzatuz...) preso mantentzen dituztenak". Bestalde, egun sei lagun larriki gaixo daude Espainia eta Frantziako kartzeletan. Horiek kalean egon behar direla ere aldarrikatu nahi dute. Azkenik, preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea eskatzen dute, "eskubide guztien jabe direla". Hori guztia dela eta, "larritzat" jo du Virumbralesek Iñaki de Juanaren egoera: "BI iritzi artikulu idazteagatik soilik zigortu zuten, kalean behar zuenean. Gose greban 50 egun daramatza eta dagoeneko zazpi edo zortzi kilo galdu ditu. Gainera, indarrez elikatzen ari zaizkio Madrilgo ospitalean", azaldu du.
"Bakea presoengatik"
Askatasuneko kideak hitz gogorrak izan ditu Josu Luis Rodriguez Zapateroren gobernu zein alderdiaren aurka: "Txantaia egiteko eta ezker abertzaleari neurri guztietan presioa egiteko erabiltzen dituzte gauza guzti hauek Espainiako Gobernuak eta PSOEk. Bakea presoengatik izaerako prozesua nahi dute, euskal herritarrek beti adierazi dutenean gatazka politikoa badagoela eta horri irtenbidea ematea dela gakoa". Horren harira, "errepresio bideak desaktibatzea" exijitu die Virumbralesek.
Bederatzi hilabete luze igaro dira ETAk su-etena iragarri zuenetik eta horrek "ez du ezertxo ere ekarri" kartzela barrura. Are gehiago, euskal preso politikoen bizi baldintzak "okertu" egin dira, Asier Virumbralesek salatu duenez.