Magnus Mehl Quintett jazzaldiko aurtengo irabazleen diskoa kalean da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 27a, 21:23

Dagoeneko argia ikusi du Getxoko XXX. Europar Jazzaldiko talde lehiaketako azken irabazlearen diskoa, Magnus Mehl Quintett taldearena, hain zuzen ere. Errabal diskoetxeak argitaratutako lanak boskote alemaniarraren sei kanta biltzen ditu, taldeak jaialdian eskaini zituen bi saioetan grabatuak. Diskoa salgai jarri dute musika dendetan eta 943 753 016 telefono zenbakiaren bidez. Tokiko kultur iturriek adierazi dutenez, talde gazte hau 2004ko udan sortu zuen Magnus Mehl saxofoi-joleak. Taldekide guztiek Koloniako kontserbatorioan ezagutu zuten elkar eta, harrezkeroztik, hainbat hiriko jazz klubetan hasi ziren jotzen: Köln, Stuttgart, Lindau eta Villingen, besteak beste. Halaber, artista gazteentzako jaialdietan ere jo dute, esate baterako, Leipzigko Jazzfesten. Argazkian, Magnus Mehl Quintett boskote alemaniarra.

Taldeak berezko konbo kontzeptua garatu du eta indarrez eta freskotasunez egiten du jazza, jatorrizko piezen interpretazioa eta beren eragin musikal nagusien (Kenny Baron, Cannonball Adderley, Dick Oatts edo Herbie Hancock) gaineko moldaketak uztartuta. Boskotearen taldekideak honako hauek dira: Magnus Mehl (saxoa), Brice Moscardini (tronpeta), Tobias Hoffmann (gitarra), Fedor Ruskuc (baxua) eta Ralf Gessler (bateria).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun