Areetako ludoteka egokitzeko 68 mila eurotik gora eman dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 27a, 21:45

Areetan haurrentzako ludoteka egokitzeko proiektua onartu berri du Getxo Udalak; 68 mila eurotik gora zuzenduko ditu lan horietara, Imanol Landa zinegotziak gaur eskainitako prentsaurrekoan aurreratu duenez. Eskoletako plazan, Ehiza eta Arrantza Elkarteak duela gutxira arte erabili duen udal lokalean egongo da, hain zuzen, eta ziurrenik datorren udaberrian zabalduko dute. Areetakoa udalerrian ateak zabalduko dituen lehenengo haurrentzako ludoteka izango da, baina ez bakarra. Getxoko Udalak orain gutxi erosi zuen beste lokal bat, Felix de la Virgen Aitaren kalean, San Nikolas plazatik hurbil, Algortan ere ludoteka jartzeko. Udal agintarien asmoa da azken hau datorren urteko udaldia baino lehen zabaltzea, hosgabetze eta atontze lanak amaitutakoan. Argazkian, hainbat ume jolasean.

Ludotekak "jolasteko eta umeak hezitzeko" zerbitzuak dira, udal arduradunen hitzetan. Areetako hau, 5 eta 9 urte artekoentzat izango da. “Neska-mutikoen osoko garapena indartzeko ekimena da, hauen eta pertsona helduen arteko hartu-emonari begira”, esan du Landak. “Gurasoen bidelagun izan nahi du jolas munduan, baita guztien arteko komunikazioa handitu eta erraztu nahi du ere. Halaber, zeharkako helburuak bultzatuko dira, hala nola, euskararen normalizaziorako politikak, aukera-berdintasunaren eta kulturartekotasunaren sustapena”, gaineratu du zinegotziak.

25-30 umerentzat

Areetako ludotekak gune bakarra izango du, 80 bat metro koadrokoa, eta bi esparrutan egongo da banatuta: batean, administrazio bulegoak lekutuko dira eta, bigarrenean, era askotako jostailuak izango dira (mugimenduzkoak, sinbolikoak eta antzeztekoak; eraikitzekoak, puzzleak eta mahai-jokoak, besteak beste). Komun bi izango dira bertan (horietako bat elbarrituentzako egokitua). Zerbitzu ona eskaini aldera, ludotekak gehienez 25-30 bat ume hartuko ditu era batera. Halere, aurreikusten da, 100 erabiltzaile inguru izango direla aurrez izena eman beharko dutenak, bazkide gisa. Guzti horiek jasoko dute identifikazio-txartela ludotekako begiraleen kontrol lana errazteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun