Dagoeneko telebista kanala gordeta du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 27a, 22:39

Lurreko Telebista Digitalaren baimenak lortzeko lehiaketa ostiralean abiatuko da, gaur, Donostian emandako prentsaurrekoan, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri duenez. Horietako bat eskuratu nahi dutenek martxoaren 23ra arte dutela proiektua aurkezteko epea. Hortik aurrera, sei hilabeteko epea izango du Jaurlaritzak lizentziak nori eman erabakitzeko. Hain zuzen ere, datorren urteko ekainaren amaiera aldera jakingo da. Azkaratek azaldu duenez, baimenak lortu nahi dituzten Udalek ere epe hori izango dute proiektuak aurkezteko, nahiz eta horiek ez diren lehiaketan sartuko. Egungo legedia aintzat hartuta tokiko erakundeek lehentasuna dute tokiko telebista digitalaren zerbitzua eskaintzerakoan, sailburuaren hitzetan, eta dagoeneko kanal bat gordeta dute Gasteiz, Arrasate, Donostia, Zarautz, Irun, Barakaldo eta Getxok. Argazkian, Getxoko udaletxea.

Lehiaketarako oinarri eta arauak bihar argitaratuko dituzte EAEko buletinean, eta telebista horiek 2008an emititzean hastea aurreikusten du Jaurlaritzak. Udalak alde batera utzita, aurkeztutako proiektuek, beraiek sortutako programazioarekin bete beharko dute emisioaren erdia, informatiboak barne. "Gainera, kanalek ezingo dute programazioaren %25 baino gehiago partekatu. Euskal egile eta kantarien emanaldiak eta lanak programazioaren %15etik gorako ehuneko batean eskaini beharko dira. Euskara hutsezko proiektuak hobetsi egingo dira, eta ez da erdera hutseko kanalik egongo", Azkaratek azaldu duenez.

Bideragarritasun plana

Lizentziak banatzerakoan garrantzia emango diote bideragarritasun planari. Plan teknikoari dagokionean, proiektua garatzeko plana, zerbitzua zabaltzeko plana eta kalitateko plana aztertuko dituzte; plan ekonomikoan, berriz, inbertsioak eta kostuak zehazteko plana, merkatuaren azterketa, finantza eta negozio plana, enplegua sortzea, EAEko ikus-entzunezko sektorean egindako ekarpena eta egituraren egonkortasuna.


Gaiaren inguruko berriak:

Tokian tokiko Telebista Digitalak 2008an hasiko dira emititzen, EAEn (Eitb24, 2006 Abe 27)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun