Zazpigarren urtez metroa izango da Gabon zahar gauean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 28a, 11:56

Zazpigarren urtez jarraian, Metro Bilbaok gaueko zerbitzua jarriko du urteko gaurik jendetsuenetako batean, Gabon zahar gaueko ordu batetatik aurrera, gutxi gorabehera, trenak martxan jarriz. "Metroko ehun langile baino gehiago arituko dira zerbitzua ondo joan dadin lanean, 2006an metroa 24 orduz segidan zabalik egon den 67 gauetan bezalaxe", konpainiako iturriek nabarmendu dutenez. Urteko azkeneko gau horretarako diseinatu den dispositibo bereziari esker, metropoliko jai gune desberdinetara joaten direnek "garraiobide segurua" izango dute, gauaren ordu askotan; Bilbo barruko zatian bost minutukoak eta itsasadarraren bi aldeetan hamarrekoak izango diren maiztasunekin. Guztira, 150 tren abiaraziko dira, goizaldeko ordu batetatik goizeko 9etara, 50.000 bat lagunen bidai eskaria asetzeko. Argazkian, metroa jendez lepo Bilboko jaietan / deadsunrise

Metro Bilbaok gogoratu du, abenduaren 31n, azkeneko trenak, Plentziatik 20:20an, Sestaotik 20:36an, Etxebarritik Sestaorantz 20:39an eta Etxebarritik Plentziarantz 21:02an irtengo direla. Ordu batak aldera berriro ekingo zaio tren zerbitzuari. Hortik aurrera, goizaldeko ordu batetatik 3ak arte, trenak 5 minutuko maiztasunez ibiliko dira Etxebarri eta San Inazio artean, 10 minuturo Bidezabal eta Sestaoraino, eta 20 minutukoro Plentziaraino. Goizaldeko 3etatik 6etara, berriz, maiztasuna 10 minutukoa izango da Etxebarri eta San inazio artean, eta gainerakoan 20 minutukoa. Eta azkenik, 6etatik aurrera, goizeko 9ak arte, trenak 5 edo 10 minutuko maiztasunez ibiliko dira Etxebarri eta San inazio artean, 10 minuturo Bidezabaleraino eta 20 minuturo Sestao eta Plentziaraino.

Gomendioak

Moyua, Abando eta Zazpi Kaleetako geltokietan bidaiari mordoa espero da. Une jakin batzuetan, batez ere hasierako orduetan, jendetza handia bil daikeela aurreikusiz, geltokiko langileei kasu egiteko gomendatu dio jendeari Metro Bilbaok. "Era berean, ez ahaztu debekatuta dagoela metroaren instalazioetan jan, edan eta erretzea", adierazi dutenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun