Aita-amak kantatzen jarriko ditu Sendi egitasmoak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 28a, 13:36

Gustatzen zaizu kantatzea? Kanta berriak ikasi nahi dituzu? Aspaldikoak gogoratu gura? Eztarria prestatu nahi Agate Deunarako? Seme-alaba txikirik baduzu hurbil zaitez urtarrilaren 16an, asteartea, Itzubaltzeta / Erromoko Romo ikastetxera arratsaldeko 5etan. Hantxe hasiko zara kantatzen! Bestalde, seme-alabei etxeko lanak egiten laguntzen ikasteko aukera ere baduzu. Bi ikastaroak Sendi egitasmoak abiatu ditu. Ekimen hori Egizu Getxo Euskaldun! euskara elkartearen eta Getxoko Udal Euskara Zerbitzuaren eskutik jaio da, Getxoko umeen gurasoek euskara erabiltzea eta belaunaldien arteko hizkuntza transmisioan eragitea helburu. Izena emateko edo informazio gehiago eskatzeko, 685 732 963 telefonora deitu edota sendigetxo[a bildua]yahoo.com e-postara idatz daiteke. Argazkian, ume eta gurasoak elkarrekin margotzen / Arizmendi ikastola

Getxoko gurasoak kantari!

Xirula Mirula Elkartearen eskutik bereziki gurasoentzat prestatutako zazpi orduko ikastaroa antolatu dute Sendi egitasmoaren barruan. Euskaraz eta gaztelaniaz (aukeran) emango dute; euskarazko taldean nahikoa da euskaltegiko 5. urratsa izatearekin. Gurasoak ikastaroan dauden bitartean, umeak zaintzeko begirale zerbitzua ipiniko dute. Sei egunetan banatuta, astero astearte eta ostegunetan, otsailaren 1era arte ibiliko dira kantu-kantari, 17:00etatik 18:15era arte. Sendiren ikastaro guztiek bezala, honek ere prezio sinbolikoa dauka: 10 euro.

Gurasoak lagunduz

Bigarren "ikastaro honen helburua ez da euskara irakastea, baizik eta guraso euskaldunei edo zertxobait dakitenei (euskaltegietako 5. urratsa) trebakuntza berezia eskaintzea, umeen etxeko lanak ulertzen eta egiten laguntzeko", Sendiko arduradunek nabarmendu dutenez. Bi talde antolatuko dituzte Itzubaltzeta / Erromon dagoen udal euskaltegian: goizez, 10:00etatik 11:30ak arte; eta arratsaldez, 18:00etatik 19:30ak arte. Ikastaroak 50 orduko iraupena du, astearte eta ostegunetan, maiatzera bitartean. Arratsaldez begirale zerbitzua egongo da umeak zaintzeko gurasoak ikastaroan dauden bitartean. Matrikula 60 eurotan dago eta urtarrilaren 15era arte dago izena emateko aukera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun