Arratsaldeko 16:27an helarazitako e-posta bidez,
Algortako geltokian izandako istripuaren unetik bost ordu eta erdi luzera hain zuzen, ezbeharraren ondorioz bertoko gainbegiraleak belaun biak hautsi dituela jakinarazi du
Metro Bilbao konpainiako prentsa bulegoak. Nabarmendu dutenez, trenbidera erori den mutilari laguntzera joan denean zauritu egin da metroko langilea. Oraintxu, ospitalean dago. Honen inguruan goiz osoan egon den informazio jarioa ikusita, Metroko Bilbaoko iturriak abenduaren 28ko espirituaz kutsatuta daudela pentsatuko du batek baino gehiagok, baina gaia ez da txantxetarako. Inuzenteen eguna delako agian edo ezjakintasunaren poderioz, istripuan, mutikoa zauritzeaz gain, metroak neska bat harrapatu duela ere zabaldu da Algortan zehar. Zurrumurruak zurrumu, garraio konpainiak tantaka jakinarazitakoaren arabera, mutil gaztea eta geltokiko gainbegiralea dira zauritu bakarrak. Argazkian, Julio Ibarra Metro Bilbaoko komunikazio-burua.