Basauriko espetxera egingo dute martxa bihar Algortatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 29a, 12:06

Larunbat honetan, abenduak 30, hasiera emango zaio Ekimen Ibiltariari Uribe Kostan, honako bi ekitaldi hauekin: goizean, auto-karabana egingo da Bizkaiko eskualdeetatik Basauriko espetxera, bertan denak bildu eta kontzentrazioa egiteko. Eskualdetik auto-karabana Faduratik (Algorta) irtengo da, 11:00etan. Aste honetan baraualdia egingo dutenak ere izango dira martxan, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez nabarmendu duenez. Arratsaldean, berriz, ekimen Ibiltaria eskualdean aurkezteko ekitaldi politikoa egingo da Erandioko udaletxeko plazan, 19:00etan. Argazkian, Basauriko espetxea.

"Ekitaldi bi hauen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Alde batetik Basauriko martxa, herrialdeko mobilizazioa izanik, eta bestetik, Erandiokoa, hasierako ekitaldia izanik, Ekimen Ibiltariari indarra emateko. Denok Basaurira! Denok Erandiora!", adierazi du errepresioaren aurkako erakundeak.

Bestalde, atzo ere mobilizazioak egin zituzten Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) eskubideak aldarrikatzeko eta Iñaki de Juanari ­gaur 53 egun bete ditu gose-greban­ elkartasuna helarazteko. Besteak beste, Berangon 32 lagun bildu ziren eta 41 Leioan. De Juanaren egoera eta "errepresio politikoa Euskal Herria makurtzeko eta bere bizitza politikoan eskua sartzeko erabiltzen dutela" erakusten duten azken gertaerak salatu ditu Askatasunak. Oihu@ agerkari elektronikoaren bitartez zabaldu du errepresioaren aurkako erakundearen oharra Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak:

Gaurkoan Iñaki De Juanak 53 egun bete ditu gose greban

Iñaki de Juana bizia eta heriotzaren arteko mugan aurkitzen da, PSOEk horrela erabaki duelako. Honako erabakia, eskubideen ukazioa muturreraino eramateko estrategia batean, larrienetakoa da.

Zergatik erabaki du PSOEk presoak espetxean bizi osorako mantentzea? Larritasunezko gaixotasunak dituztelarik oso egoera latzean dituzte espetxean preso politiko hainbat. Zigorra luzatuz edo 3/4k beteak izanik espetxean mantenduz, bizi arteko zigorra ezartzea erabaki baitu PSOEk.

Honakoak arrazoipen bakarra du: guda bahitu gisa erabiltzea preso politikoak.

Gaurkoan bestalde, errepresio politikoa Euskal Herria makurtzeko eta bere bizitza politikoan eskua sartzeko erabiltzen dutela erakusten digun beste gertaera larria dugu: Espainiako poliziak, errepresaliatuen aldeko koralaren kontrako karga bortitza burutu baitu Txantrean. Espainiako indar armatuak, Euskal Herritarron eskubideak zanpatzen dituzten egunero –egunero.

Ez Euskal Herritarron eskubide zibil eta politikoak, ez eta preso politikoen eskubideak ere, ezin dute negoziaziorako merkantzia izan.

Eskubideen errespetuan oinarrituko den prozesu demokratiko bat behar du herri honek. Horregatik baldintza demokratikoak borrokatzeko garaia dela ulertzen dugu. Amnistiaraino iritsiko den ibilbide demokratikoak, Euskal Herriari orube demokratiko berria ekarri behar dio, errepresaliatu politikoen egoera gaindituz, baina batez ere kondizio horretara eraman dituen arrazoi politikoak gaindituz.

Herri honek hitza eta erabakia askatasunez eman behar du. Autodeterminazioa eta amnistia ozen aldarrikatzera eta baldintza demokratikoen aldeko bultzada indartsua antolatzera deitu nahi ditugu horregatik herritarrak.

Askatasuna
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun