Prozesuaren alde "eskuz esku" lan egitera deituko ditu herritarrak urtarrilaren 4an Itsasoruntzek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 29a, 18:20

Urriaren 21ean Algortako Portu Zaharrean presoen aldeko ehunaka olatu bildu ostean, "atxikimendu indibidualetan oinarritutako giza sarea" osatzeko asmoa iragarri du Itsasoruntz ekimenak, "Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponbidea denon esku dagoela gogoratzeko" helburuarekin. Horrela jakinaraziko diete herritarrei urtarrilaren 4an Getxo Antzokian izango den ekitaldian. Arratsaldeko 7:30etik aurrera, sarrera dohainik, Fredi eta Xabi Paya, eta Xabier Amuriza bertsolariak, txalapartariak, Helena eta Natalia dantzariak, Portu Zaharreko ekimeneko bideo-emanaldia eta ezusteko kantaldia izango dituzte bertan bildutakoek; baita hausnarketarako tartea ere. Elkarrizketaren aldeko Elkarbide unibertsitate ekimena ere ekitaldian parte hartuko duela iragarri dute antolatzaileek. Argazkian, urriaren 21ean 275 bat surflari sartu ziren Algortako Portu Zaharreko uretan presoen eskubideak eta etxeratzea aldarrikatzeko / Etengabe

Itsasoruntz sarearen aldarrikapenak hiru zutabe dauzka: lehenik, elkarrizketa eta akordio multilaterala, Euskal Herri osoan eta euskal hiritar guztiontzat, bazterketarik gabe; bigarren, eskubide zibil eta politiko guztien errespetua eta bermea; eta, azkenik, giza eskubide indibidual eta kolektibo guztien errespetua eta bermea. "Hauxe da Itsasoruntz sarearen helburua: Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponbidea denon esku dagoela gogoratzea, eta, batez ere, banatzen gaituzten ezberdintasun guztien gainetik, gure arteko elkarlana sustatzeko deialdia egitea. Urriaren 21ean, Portu Zaharrean, argi bat piztu genuen, ilusioz eta irribarrez jantzitako suziri berri bat. Herri hau berriz herri sentitu dadin, etorkizunean eskuz-esku lan egin dezan, barre gehiago egin dezan. Har dezagun, ba, guztion artean, gure bizitzako olaturik ederrena", adierazi dute ekimenaren bultzatzaileek.

Hona hemen Itsasoruntzek kaleratutako idatzia:

Olatuari eutsi! Prozesuaren alde busti zaitez!

Euskal herritar askori, itsasoak, egunero, indarra eta askatasuna oparitzen digu. Olatu gazi bakoitzean, gure arimak bizi-bizirik sentitzeko aukera eskaintzen digu, ilargiaren itzalaz eta kresalaz jantzita, Muskizetik Miarritzeraino dantzatzen duen bitartean. Dantza honetatik sortu zen Itsasoruntz, Euskal Herriak mendeetan jasan duen mina sendatzeko abian jarri den prozesuari, itsasoak berezkoa duen oreka, iraunkortasuna eta abiada gogotsua atxikitzeko.

Surflariok ondo baino hobeto dakigu, ordea, itsasoak guretzat gordeta dauzkan olatu ederrekin habileziaz jolasteko gogor lan egin behar dela, olatuen dantza dastatu nahi dutenen emankortasuna zabalduz eta, une larrienetan ere, bitsaren maitaleon elkartasuna indartuz. Itsasoak munduari aurrez begiratzen dion bezalaxe, Euskal Herriak, orain, herritar ororen 'surf-a' behar du martxan dagoen prozesu politikoa helmugara eramateko: euskal gizon eta emakume guztien arteko elkarlana ezinbestekoa da oraingo honetan ere. Itsasoa denona da , herriarena, baita gatazkaren konponbidea ere. Inor ez dago soberan. Eta denon etorkizuna dago jokoan: gurea, zuena.

Askatasunaren eta justiziaren teilatupean, benetako demokrazia oinarri duen bakea erdiestea eskakizun kolektiboa da, lehentasun politikoa da, euskal herritar ororen ardura. Horrexegatik eratu duu Itsasoruntz sarea, atxikimendu indibidualetan oinarritzen den giza sarea, zabala eta malgua, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoari konponbide demokratikoa bilatzearren abian jarri den prozesuari gure bultzada txikia eskaintzeko.

Hiru zutabe dauzka gure aldarrikapenak:

1. Elkarrizketa eta akordio multilaterala, Euskal Herri osoan eta euskal hiritar guztiontzat, bazterketarik gabe.

2. Eskubide zibil eta politiko guztien errespetua eta bermea.

3. Giza eskubide indibidual eta kolektibo guztien errespetua eta bermea.

Hauxe da, beraz, Uribe Kostatik, Itsasoruntz sarearen helburua: Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponbidea denon esku dagoela gogoratzea, eta, batez ere, banatzen gaituzten ezberdintasun guztien gainetik, gure arteko elkarlana sustatzeko deialdia egitea. Urriaren 21ean, Portu Zaharrean, argi bat piztu genuen, ilusioz eta irribarrez jantzitako suziri berri bat. Herri hau berriz herri sentitu dadin, etorkizunean eskuz-esku lan egin dezan, barre gehiago egin dezan. Har dezagun, ba, guztion artean, gure bizitzako olaturik ederrena.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun