Goizeko 8:00ak aldera, Donostiako DYAren elkartera egindako dei baten bidez eman du bonba-autoren abisua ezezagun batek. Ordu erdi beranduago, SOS Deiak larrialdietarako zerbitzura deitu dute eta aurreko deian ez bezala, ETAren izenean hitz egiten zuela esan du deitzaileak. Leherketa 9:00etan gertatu da T4 terminaleko aparkalekuan, lau pertsona arin zaurituz, eta kalte handiak eraginez. Zaurietako batek, taxi gidari bat, kexu mintzatu da Radio Euskadin eta salatu du inork ez diela bonba mehatxuaren berri eman autoa lehertu arte. Alfredo Perez Rubalcaba (argazkian) Espainiako Barne ministroaren arabera pertsona bat desagertu da eta hondakinen artean egon liteke. Ministroaren aburuz, atentatuak su-etena apurtu du, baina "inork ez zuen pentsatzen hau gerta zitekeenik". Berriz, PP eta UPNko hainbat kidek, tartean Carlos Iturgaitz eurodiputatua, ETAk gezurrezko treguan jardun duela azpimarratu dute. EAJk nahiago izan du itxarotea eta 14:30ean prentsaurrekoa emango du Iñigo Urkulluk. Batasunaren izenean, Arnaldo Otegik hitz egingo du 17:00etan, Rodriguez Zapatero Espainiako presidentea 18:00etan mintzatuko da eta Eusko Jaurlaritzak ez du argitu noiz egingo dituen adierazpenak, eta litekeena da autoretza finkatu arte ez egitea, 2004ko martxoaren 11n egindako hanka-sartzea ez errepikatzeko.