Ertzaintzak “erabiltzeko prest zegoen” ia 100 kilogramoko lehergailua aurkitu du gaur goizeko azken orduan Atxondoko bailaran, EAEko Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Lehergailua Atxondoko parking batean denbora luzez utzitako Rover auto batetik gertu zegoen. Auto hori Ertzaintzak Zornotzan aurkitutako zuloa egin zuen ETAko komandoko kideek erabilitako berbera izan daiteke, Ertzaintzaren arabera. Ikerketa autoak sortzen zituen susmoengatik abiatu duela jakinarazi du Herrizaingo Sailak. Rover autoaren barrukaldea miatzean poliziek sustantzia batek sortutako zikinguneak ikusi dituzte eta, beharrezko azterketak egin ondoren, lehergailuak egiteko erabiltzen den sustantzia kimiko bat topatu dute. Berriz, autoaren maletategian faltsututako matrikula plakak aurkitu dituzte eta autoa zegoen lekutik 100 metro ingurura, ertzainek beste sustantzia lehergailurekin indartutako amonalez egindako ia 100 kilogramo sustantzia lehergai zituen bidoi bat topatu dute. Ertzaintzako adituen aburuz, bidoia bera berehala erabiltzeko prest zegoen lehergailutzat jo dute, nahiz eta detonagailua faltan izan.