Gaur arratsaldeko 6etatik aurrera, ekialdeko erregeek eta beraien zerbitzariek Algorta, Areeta, Astrabudua, Berango, Erandio, Getxo, Itzubaltzeta / Erromo, Leioa eta Sopelako kaleak bisitatuko dituzte. Astrabuduan eta Erandion egunotan bezala, euren zerbitzariak izango dira dendetan azken eskutitzak jasotzen. Leioan, berriz, harrera egingo diete 6etatik aurrera Sakoneta kiroldegian, ordu bat beranduago Kultur Leioan amaitzeko. 6etan ere Erregeek agindu dute Berangoko Santa Anatik pilotalekuraino Txu Txu trenean bidaiatuko dutela, bertan txokolate jana banatzeko eta Elexaldetik gertu ikuskizun akrobatiko bat eskaintzeko. Ordu berean espero dituzte Getxoko kiroldegian karroza desfilea egiteko. Zortzi karroza, lau fanfarre, fantasia trena, 200 pertsonako segizioa eta bi tona gozoki izango dituzte alboan erregeek Getxo zeharkatu eta Algortako Maidagan, Aingeruko eta Algortako etorbideak, Telletxe, eta Kasino plazatik igarotzeko. Ondoren, Getxo Antzokian umeekin mintzatu ostean Areetara joango dira. Bertako desfilea Maximo Agirretik aterako da 19:30ean eta Santa Ana eta Kale Nagusia gurutzatu eta gero Itzubaltzeta / Erromon sartuko da Ezekiel Agirre, Kresaltsu, Gorbeia Mendia eta Gobelaurretik ibiltzeko. 20:15ean, Areetako Andres Isasi musika eskolan batzartuko dira umeekin. Bestalde, 19:00etan Sopelako Urgitxieta plazatik abiatuko dira Udaletxe plazaraino. Argazkian, Baltasar erregea bere morroiekin.