Bezperako urteko azken ostiraleko elkarretaratzea eta, goiz horretan bertan, Basauriko espetxara martxa egin ostean, 2006ko azken eguneko arratsaldean (19:00) egin zitzaioan harrera euskal preso politikoen eskubideen aldeko ekimen ibiltariari Uribe Kosta eskualdean. Txalaparta doinuek lagunduta Erandioko udaletxeko plazan dagoen kioskora igo ziren gose grebari ekin behar zioten hamaika lagunak, bertan bildurako ehun bat gizon-emakumeen txaloen artean. Kioskoan bertan, alde batean eta bestean, Jon Bilbao "Moro" astrabuduarraren eta gaur baraualdian 60 urte bete dituen Iñaki de Juanaren argazki erraldoiak ere jarri zituzten.
25 urte kartzelan
Gose grebalariei ongi etorria egin ostean, Bilbaoren egoera akarri zuen gogora hitza hartu zuen Erandioko AAMko kideak: "lehendabizi besarkada bat Morori. Jonek urtarrilaren 22an 25 urte egingo ditu preso. Gogorra da, baina bera gogorra den bezala... aurrera egingo du”. Hain zuzen ere, hilaren 19an, manifestazioa egingo dute preso astrabuduarra kalean behar duela izan aldarrikatzeko. Arantzi Sarasola leioztarrak, berriz, bararaualdia hasi behar zutenen bozeramaile lanak egin zituen, ekimen ibiltariaren oinarriak azalduz: “hamaika lagunok gose grebari emongo diogu hasiera gaur (abenduak 31), kondena osorik bete duten presoen askatasuna, larriki gaixo dauden presoak kalean egon behar direla eta, azkenik, preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea, eskubide guztien jabe direla, aldarrikatzeko". Halaber, urte berrian ere lanera eta borrokara lotzeko deitu zituen herritarrak Sarasolak: “laster dugu 2007a eta urtea ona izatea da gure itxaropena, baina itxaropena ezer gutxi da lana eta borroka batera ez badoaz. Preso, iheslari eta senideei besarkada bero bat”. Ondoren, Espainia eta Frantziako espetxeetan preso dituzten Uribe Kostako 37 lagunen izenak irakerri zituen txaloen eta “euskal presoak etxera!” oihuen artean.
Aldarrikapenez beteriko astea
Galder Bilbao "Txapi" eta Peru Vidalen bertsoen eta Uribe Kostako AAMko kideen aldarrien ostean, ekitaldiko azken hitzak jarri zituen Arantzi Sarasolak: “gose greba bezain garrantzitsua da gure aldarria kalera ateratzea”. Hain zuzen, aste betez, zenbaezinak izan dira presoen aldeko eskubideak aldarrikatzeko ekimenak eskualdean zehar. Besteak beste, urteberri egunean bertan, 117 lagunek parte hartu zuten Berangon, 2007ko lehenengo mobilizazioan. Atzokoan 150 bat herritar egon ziren Algortako enkarteladan. Gaur, berriz, kontzentrazioak izango dira, 19:00etan, Algortan (Telletxe) eta Sopelan (Errege Magoen kabalgatan).
Bestalde, bihar bertan gose greba amaituko duten Uribe Kostako hamaika lagunek gutuna plazaratu dute.