Ekitaldia iluntzeko 8ak aldera hasi zen, Getxo Antzoki plazan Ekimen Ibiltariaren egitarauaren barneko elkarretaratzea amaitu ondoren. Kontzentrazioan, Iñaki De Juana hiltzen ari direla salatzeko eta euskal preso gaixoen zein zigorra beteta dituztenen askatasuna aldarrikatzeko 150 bat lagun batu ziren. Ondoren, pixkanaka-pixkanaka joan zen betetzen Getxo Antzokia areto erdia osatu arte. Txalapartako ttakunen artean zabaldu zen antzokiko oholtza, eta agurra dantzaren ostean Itsaso Paya Algortako bertsolaria eta Ipar Uribeko txapeldunak ekin zion ekitaldia aurkezteari. Berak gogoratu bezala, “urriaren 21ean presoen aldeko ehunaka olatu bildu ziren Algortako Portu Zaharrean. Horren ostean, eta batez ere, egungo egoera ikusita, prozesuaren aldeko apustua berretsi nahi du Itsasoruntzek. Atxikimendu indibidualetan oinarritutako giza sarea osatzeko erronka luzatzen dizuegu, Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponbidea guztion eskuetan dagoela gogoratuz. Gaurko ekitaldi hau guri, zuoi, guztioi zuzenduta dago”.
Ondoren, beste Payatar bertsolarien txanda izan zen, Fredi eta Xabi Bizkaiko txapeldun berria, Xabik irekitako prozesua manten dadin lan egitera deitu zuen: “beti ezin da ibili eta / hurrengo olatuaren zain”. Fredi anaiak, berriz, lan erraldoi horretarako guztien indarra behar izango dela gogoratu zuen: “kasu honetan olatu bat ez / tsunami bat behar dela”.
”Gizarte zibilaren ordua”
Bertsolarien ostean Petxo Idoiaga EHUko 400 bat irakaslek abiatutako Elkarbide ekimenaren ordezkaria zuzendu zitzaien Getxo Antzokian bildutakoei. Elkarbidek Barajasko atentatua baino lehen zein ondoren defendatutako prozesua ondo irteteko lau oinarriak azaldu zizkien: proposamen guztiak aukera berberak izatea; ETAk su-etena behin betikotzea; gatazka leuntzea, batez ere presoen egoera; eta herriari akordio edo desakordio politikoen inguruan kontsultatzea. Baina, Barajasko atentatuaren ostean “egun latzak datozela” aurreratu zuen. Eroritako zubiak berriz eraikitzeko “gizarte zibilaren ordua heldu” dela ziurtatu zuen eta horretarako Itsasoruntz bezalako herrietako eta gizarte ekimenen mobilizazioa behar-beharrezkoa izango dela.
Ondoren, urriaren 21ean Algortako Portu Zaharrean egindako 275 bat surflarien ekimenaren bideoa proiektatu zuten, bertako irudi paregabeak eta bildutakoen algarak eragin zituzten ekitaldi hura ezagutarazteko grabatu ziren iragarkien grabaketan izandako akatsak.
Ekitaldia aurrera zihoala Itsasoruntz sarea aurkeztu zuen Itsaso Payak: “euskal herritar askori, itsasoak, egunero, indarra eta askatasuna oparitzen digu. Olatu gazi bakoitzean, gure arimak bizi-bizirik sentitzeko aukera eskaintzen digu, ilargiaren eskutik eta kresalaz jantzia, Muskizetik Miarritzeraino dantzatzen den bitartean. Dantza honetatik sortu zen Itsasoruntz, Euskal Herriak mendetan jasan duen mina sendatzeko abian jarri den prozesuari, itsasoak berezkoa duen oreka, iraunkortasuna eta abiada gogotsua atxikitzeko”.
Itsasoruntz ekimenetik...
“Surflariok ondo baino hobeto dakigu, ordea”, jarraitu zuen Itsasok, “itsasoak guretzat gordeta dauzkan olatu ederrenekin habileziaz jolasteko gogor lan egin behar dela, olatuen dantza dastatu nahi dutenen arteko errespetua sustatuz, jaioagoak direnen emankortasuna zabalduz eta, une larrienetan ere, bitsaren maitaleon elkartasuna indartuz. Itsasoak munduari aurrez begiratzen dion bezalaxe, Euskal Herriak, orain, herritar ororen Åesurf-aÅf behar du martxan dagoen prozesu politikoa helmugara eramateko: euskal gizon eta emakume guztien arteko elkarlana ezinbestekoa da oraingo honetan ere. Itsasoa denona da, herriarena, baita gatazkaren konponbidea ere. Inor ez dago soberan. Eta denon etorkizuna dago jokoan: gurea, zuenaÅh.
Hori esanda eta bildutakoen txalo zaparradaren artean, dozena bat surflari igo zen oholtzara surf taula eskuan zuela. Itsaso Paya Itsasoruntzen bozeramaileak jarraitu zuen sarearen aurkezpena egiten: “Itsasoruntz, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoari konponbide bat aurkitu nahi dion prozesuari bultzada txiki bat emateko helburuak gidatua sortu zen. Algortako Portu Zaharra irribarrez, indarrez eta itxaropenez bete genuen urriaren 21ean: kolore ezberdinetako jendeak jauzi egin zuen uretara, neskak zein mutilak, gaztetxoak eta helduak. Konpromiso maila ezberdina zutenek bat egin zuten mezu bakar baten inguruan: euskal presoak etxera! Ilusioa metatzea lortu genuen. Eta proiektu berriak irudikatzen hasi ziren hainbaten buruetan: dagoeneko txinparta airean zegoen, sua lortzea besterik ez zen falta. Ekimena txiki geratu zen eta, sarearen bila joan ziren ausartenak. Orain Itsasoruntz Sarea dugu eskuartean, presoen eskubideen defentsa Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren parte garrantzitsu gisa hartuta ere, arazoaren osotasunari behin-betiko konponbidea aurkitu nahian dabilen olatu sorta, itsas-bazterreko surflari, arrantzale zein bainuzale mordoa. Elkarlanaren, elkartasunaren eta elkarrizketaren kultura zabaltzea helburu duen sarea, alegia: eskutik hartuta, gure bizitzako olaturik ederrena elkarrekin hartzera eramango gaituen oihua.
...Itsasoruntz Sarera
Askatasunaren eta justiziaren teilatupean, benetako demokrazia oinarri duen bakea erdiestea eskakizun kolektiboa da, lehentasun politikoa da: Euskal herritar ororen ardura. Horrexegatik eratu dugu Itsasoruntz Sarea, atxikimendu indibidualetan oinarritzen den giza plataforma, zabala eta malgua, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoari, une larrien gainetik, konponbide demokratikoa bilatzearren abian den prozesuari gure bultzada txikia eskaintzeko”.
Testu inguru horretan kokatu zuen Itsasok Itsasoruntzen aldarrikapenaren “zutabeak”: alde batetik, bazterketarik gabeko alde askotariko elkarrizketa eta akordioa, Euskal Herri osoan eta euskal hiritar guztientzat; eta beste aldetik, eskubide zibil eta politiko guztien zein giza eskubide indibidual eta kolektibo ororen errespetua eta bermea.
Uribe Kostatik, Itsasoruntz Sarearen helburuei dagokienez bi aipatu zituzten. Alde batetik, “Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponbidea denon esku dagoela gogoratzea, eta, batez ere, banatzen gaituzten ezberdintasun guztien gainetik, gure arteko elkarlana sustatzeko deialdia egitea. Herritarron partehartzerik gabe prozesuak ez du aurrera jarraituko: gure lana ezinbestekoa da, ezin dugu gure Herriak bizi duen arazoaren konponbidea inoren esku utzi. Gure etorkizuna gure esku dago. Jabetu gaitezen!”. Beste aldetik, “prozesua ez da hil; baina guztion artean sortu behar ditugu berau tente eta bizirik mantentzeko beharrezkoak diren baldintzak. Prozesua gu gara, herria da. Gogor lan egin dezagun itxaropena agortu ez dadin. Gaurko indarrak biharko malkoak saihestuko ditu”.
Olaturik ederrena
Bere mezua bukatzeko ondorengoa azpimarratu zuen Payak: “urriaren 21ean, Portu Zaharrean, argi bat piztu genuen, ilusioz eta irribarrez jantzitako suziri berri bat. Herri hau berriz herri sentitu dadin, etorkizunean eskuz-esku lan egin dezan, barre gehiago egin dezan. Har dezagun, ba, guztion artean, gure bizitzako olaturik ederrena”.
Esandakoak esanda, gorputz adierazpenaren unea izan zen dantza garaikideari ekin zioten bost dantzarien eskutik. Ikusleek dantzariek osatutako olatuak oholtzako puntu batetik bestera jarraitu eta txalotu zituzten. Ondoren, eta ekitaldiari amaiera emateko, surflari bertsolari talde batek idatzitako “Itsasoruntz Sarea” bertso papera abestu zuten Getxo Antzokian zeuden lagunek. Hona hemen “Nere gogoa hegan dihoa” doinupean abestu daitekeen bertsoa:
Olatu haundi bat gugana dator,
pasatzen ez dogu itziko.
Batzuk lehenago pasatu dira
ta joan dira betiko.
Aurretik jausi barik sekula
zutik ez gara ibiliko.
Gugaz olatu hau harrapatu
itxaso haundian ez ito.
Gure hizkuntza eta kultura
behar doguzan lan tresnak,
busti behar dau olatu haundi bat
harrapatu nahi dauenak.
Korrontearen menpe ahiztuta
itotzear dagozenak
etxeratzea lortu gura dau
Itsasoruntz ekimenak.
Portu Zaharrean egindakoa
oso ona, duda barik
eta azkena ez da izango,
datorrena ikusirik.
Hartu olatu hau ta goitik behera
gozatu oso-osorik.
Azken finean prozesu honetan,
ez dau atzeko bueltarik.