Errege Magoek Jarrai-Haika-Segi auzia salatu dute Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urt. 8a, 20:49

Ekialdeko Errege Magoek Jarrai Haika eta Segi gazte erakundeen aurkako 18/01 Sumarioaren kontra daudela erakutsi zuten pasa den ostiralean Itzubaltzeta / Erromoko kaleetan. Ekialdeko lurraldeetatik beren elkartasuna adierazteko dozenaka pergamino banatu zituzten Errege Eguneko bezperan, bertako Segi taldeak egindako parodia dela medio. Izan ere, PSOEko hainbat lagunek Auzitegi Gorenak auzi "faxista" horri buruzko errekurtsoen epaia alde batekoa izatea eskatu dietela salatu zuten monarkez mozorrotutako gazteek. Errege horien aburuz, alderdi konstituzionaleko kideek Segiko lagunei "terrorista"tzat joko duen epaia eskatu bide dute urtarrilaren 15a aldera. Baina, aipatu zutenez, Olentzerok emandako erreferentzi onei esker, errege horiek horrelakorik ez egiteaz gain, Segik datorren ostiralerako antolatu duen borroka egunean parte hartzera deitu zuten. Bestalde, Itzubaltzeta gaztetxeko kideek hainbat "herri panel" jarri zituzten data berean Itzubaltzeta / Erromon zehar. Panelak "herriko hiritar eta talde guztiei zabalik daude, norberak bere kartelak jartzeko". Ekimen horrekin, aurretik Udalak kendutako hainbat panel ordezkatu eta "EAJk azken urteotan garbitasun ordenantza zein Cespa enpresa direla medio darabilen adierazpen askatasunaren aurkako dinamika" salatu nahi izan zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun