Berdintasun plana abian du Lemoizek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urt. 8a, 22:16
Lemoizko Udalak gizonezkoen eta emakumezkoen lehenengo Berdintasun-plana abian du, “bertan, berdintasunezko etorkizuna lortzen lagunduko diguten hainbat ekintza eta konpromiso bildu dira, udalerriko emakumeentzat ez ezik, baita biztanleria osoarentzat ere”, dio Pedro Jesus Botejara alkateak. Plana garatzeko udalerriko zenbait emakumeri hainbat elkarrizketa egiteaz gain, udaletxeko langileak ere elkarrizketatu dituzte, udal arduradunek azaldutakoaren arabera. "Elkarrizketa horietatik eskuratutakoaren ondorioz, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aukera- eta tratu-berdintasunaren esanahiari buruzko sentsibilizazio- eta informazio-politika egin beharra dago", adierazi dute. Argazkian, ezkerrean, Botejara Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak Berdintasun Atala izango zuela iragarri zuen prentsaurrekoan, martxoaren 3an.
Lemoizko alkatearen hitzetan, egiteko hori “eguneroko udal-politiken barruan kokatuko da, bere azken helburua desberdintasun horiek gainditzea delarik”. Zentzu horretan, Lemoizek emakumezkoen eta gizonezkoen arteko lanbide-adarkako banaketa bereizgarria du. Horrela, unibertsitate-ikasketak burutzen dituzten emakumezkoek hurrengo adarretan burutzen dituzte: gizarte-zientziak, osasuna, gizarte-zerbitzuak, irakasle-ikasketak eta haur-hezkuntza. Gizonezkoek, ordea, unibertsitate-ikasketak burutzen dituztenean, hurrengo adarretan egiten dituzten: heziketa teknikoa eta industriak. Dena dela, ikasketa-maila altuagoak ez dakar enplegu-tasa altuagoa. Izan ere, argi ikusten da langabezia-tasa berdintsua dela gazteen artean, baina 35 eta 59 urte bitartekoen artean emakumezkoena gizonezkoena baino askoz ere altuagoa da.

Langabezia kezka

Behargintzak emandako datuen arabera, adin-tarte horretan emakumezkoen langabezia-tasa gizonezkoaren bikoitza izatera hel daiteke. Halaber, adingabeko bat edo gehiago bere ardurapean dauzkaten guraso bakarreko familietan, emakumeak izaten dira ardura hori daukatenak. Bestalde, Lemoizko alkateak adierazi duenez, 2007ko irailera arte indarrean egongo den planteamendu hori, “bai Udaletxean bertan, bai udalerrian berdintasuna sustatzeko jarduera-esparru eta tresna moduan gauzatu da".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun