Euskadi Ta Askatasunak (ETA) "
Gara" egunkarira bidalitako agiri baten bitartez jakinarazi du "martxoaren 24ko 00:00tan abiaturiko ekintza armatuen etenaldi iraunkorra indarrean dagoela". Era berean, martxoaren 22ko
bideoan (rm) finkatutako helburuak berresten dituela gaineratu du, tartean "Euskal Herrian burutu beharreko prozesu demokratikoa bultzatzea". Agirian, ETAk bere gain hartu du Madrilgo Barajas aireportuan eginiko atentatua, nahiz eta hildakorik sortu nahi ez zituela adierazi eta T-4 terminala hustu ez izana deitoratu. Espainiako Kongresuko talde parlamentarioen ordezkariekin biltzen diharduen Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak bat-bateko prentsaurrekoa eman du eta euskal erakundeari "indarkeriari bukaera emateko" bidea baino ez zaiola gelditzen erantzun dio. Dena den, Rubalcabak ETAren agiria "kontu handiz leitu eta sakon aztertu" nahi duela aitortu du. Argazkian, Euskadi Ta Askatasuna erakundeak martxoaren 24ko ekintza armatuen etenaldia iragartzeko kaleratutako bideoaren irudia.