Urtarrilean hasiko dira Lamiako-Txopoetako bizilagunentzako etxe berriak egiten

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urt. 9a, 21:16

Orain zortzi hilabete 169 izango zirela esan zuten arren, azkenik 147 izango dira egungo bizilekua bota eta babes ofizialeko etxebizitza emango dieten Lamiako-Txopoetako familiak. "Gainontzekoei dagokionez, etxeen jabe izan arren, ez dira bertan bizi baten batzuk", argitu du Eneko Arruebarrena Leioako Hirigintza zinegotziak: horiek "kalte-ordaina jasotzeko aukera baino ez" dutela nabarmendu du. "Etxe berrien jabe izan nahi ez edo ezin dutenek, berriz, Eusko Jaurlaritzak altxatu beharreko 58 gizarte etxebizitzetako bat alokatzeko aukera izango dute", gaineratu duenez. Azken sustapen horren barruan, dagoeneko 112 BOE banatu dituzte leioaztarren artean. Gauzak horrela, urtarrilean hasiko dira eraikitzen, Leioako metro geltokitik hurbil, bizilekuz aldatu beharreko 147 familientzako etxebizitza blokea. Argazkian, Karmelo Sainz de la Maza alkatea Lamiako-Txopoeta Biziberritu eta Eraberritzeko Plan Nagusiaren (BEPN) nondik norakoak azaltzen.

Behin, "18 eta 24 hilabete arteko epean", etxe berriak eman eta egoera "kaskarrean" dauden besteak botako dituzte. Aipatu blokean, gainera, beste 17 pisu egingo dituzte eta "Udalak erabakiko du horiekin zer egin". Bestalde, auzoaren beste puntan, 50 etxebizitzetako bigarren eraikin bat altxatzeko baimena eman dute jada, Arruebarrenak jakinarazitakoaren arabera. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak sustatutakoa kenduta, bost etxebizitzako bloke berri (439 pisu guztira) jartzea aurreikusten du Lamiako-Txopoeta Biziberritu eta Eraberritzeko Plan Nagusiak (BEPN): 147 familia horientzakoa ezik, salmenta librerako guztiak. Bestalde, etxe zaharren behekaldean dauden 21 merkataritza-lokalak ere tokiz aldatuko dituzte.

Ondiz, Lamiako eta Txorierri

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak behin-betiko onetsi zuen urte bukaeran Leioako Udalak Ondizerako bultzatutako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) zati baten aldaketa, helburuak "Leioako auzo horrek hirigunearekin daukan lotura eta bere hiri-integrazioa hobetzea eta herri-horniduren ekarpen nabarmena jasotzea" direla. Horrenbestez, 188 etxebizitza (76 BOE) eraiki ahal izango dira bertan. Horretaz gain, Mercedarias ikastetxearen mugakide den 12.000 metro koadroko lur-zatia gordeko dute hezkuntza-arloko herri-hornidura ezarri ahal izateko. Ekipamendu horrek egungo Jose Miguel Barandiaran Bekoa ikastetxea ordezkatuko luke. "HAPOren aldaketa horri esker, leioztar guztiei zerbitzua ematen dieten herri-hornidurak erabat hobetuko dira hainbat alderditan", udal arduradunen hitzetan. Txorierri eta Lamiako arteko igogailua egiteko ere HAPOren behin-betiko aldaketa onartu du Aldundiak. Horrekin batera, herri-erabilerarako plaza sortu, hegalean pasealeku eta berria jarri eta 48 etxebizitza eraikiko dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun