Bihar, asteazkena, urtarrilak 10, Loiuko aireportutik irtengo da Nikaraguarantz
Euskal Herriko Unibertsitateko lehen ikasle taldea, Ertamerikako herrialde hartako alfabetatze kanpainan praktika akademikoak egiteko, EHUko iturriek jakinarazi dutenez. Kanpaina horren helburua analfabetismoarekin bukatzea da (2005ean nikaraguarren %36,9 analfabetoa zen),
Unescok analfabetismorik gabeko lurralde izenda dezan aurten. Alfabetatze kanpainan,
"Yo si puedo" izeneko ikus-entzunezko metodo kubatarra erabiltzen da, heldu batek hiru hilabetean irakurtzen eta idazten ikastea ahalbidetzen duena. Lehenengo ikasle talde hau Managuara helduko da Daniel Ortega presidente berriak kargua hartuko duen egunean, hain zuzen. Ortega
Nazio Askapenerako Fronte Sandinistako (FSLN) burua da eta partidu hori alfabetatze kanpainaren bultzatzaile nagusietako bat izan da. Lehenengoari beste hiru ikasle taldek jarraituko diote apirilean, uztailean eta urrian. Guztira, EHUko 42 unibertsitariok parte hartuko dute ekimenean. Argazkian, "Yo si puedo" kanpainaren garapena Kuban.