Segiren aldeko mobilizazioak izango dira etzi Algorta eta Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urt. 10a, 17:37

Espainiako Auzitegi Gorenak hemendik eta urtarrilaren 18ra bitartean aditzera eman dezakeen Segiren aurkako ebazpena dela-eta, "zilegitasunik gabeko erabaki eta auzitegi batek inposatu nahi duen eraso berria baldintzatzearren", borroka eguna deitu du urtarrilaren 12rako Segi gazte erakundeak. Horren harira, ugariak izango dira mobilizazioak Uribe Kosta eskualdean. Besteak beste, ostiral goizean, geldialdia eta elkarretaratzea egongo dira Itzubaltzeta / Erromoko Romo-Artatza institutuan (11:15) eta mobilizazioa Algortako Telletxe plazan (12:00). Arratsaldean ere protestak izango dira, 20:00etatik aurrera, Kolas (Itzubaltzeta / Erromo) eta Telletxe (Algorta) plazetan. Eskualdeko auziperatu bakarra Aiboa Casares astrabuduarra da, 3 urte t'erdi kartzelan eman ostean 4 urteko zigorra jaso zuena. Argazkian, azaroaren 16an Astrabuduan egindako manifestazioa.

"Euskal gazteriak ezin du inolaz ere onartu bere etorkizuna baldintzatzera datorren eta inposaketa bidez ezarriko duten Euskal Herriaren aurkako eraso berri hau. Gainera, egoera politikoan eta aurrera begira ere oso egoera larriak sor ditzakeen ebazpen baten aurrean aurkitzen gara, eta hori horrela borrokarako deia egiten diogu bai euskal gazteriari, eta baita euskal jendarte guztiari ere. Argi eta garbi sententzia hori baldintzatzera goaz", adierazi du Segik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun