Otsailaren 25a baino lehen aurkeztu behar dira Leioako pop rock lehiaketarako lanak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urt. 10a, 20:27

Leioako Udalak ireki du Leioako V. Pop Rock Lehiaketara lanak aurkezteko epea, eta parte hartu nahi duten taldeek otsailaren 25a baino lehenago bidali beharko dute gutxienez bost abestiz osaturiko CD bat, Kultur Leioako bulegoetara, antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez. Diskoarekin batera, parte-hartzaileek izen.emate orria bete beharko dute, eskatutako datu guztiekin. Aurreko edizioetan saririk irabazi ez duten talde guztiek parte hartu ahal izango dute, eta parte-hartzaileek bi modalitateetako batean eman beharko dute izena: Pop Rock modalitatea (rock and roll, power pop, garage, psikodelia, rock, ska, reggae, punk rock, stoner rock, post rock, noise, pop, rhythm'n'blues, techno pop, hip hop, rap eta beste konbinazio batzuk) eta Metal modalitatea (rock gogorra, heavy metal, thrash, speed metal, death, doom, metal gotikoa, industriala, A.O.R., hardcore, rap metalikoa eta beste konbinazio batzuk). Argazkian, iaz Metal modalitatean irabazi zuen Reo (Santurtzi-Mamariga) taldea Indautxuko Kirruli tabernan kontzertua ematen. Bioterror sopeloztarren eta Eter katalanen aurka lehiatu ziren finalean.

Lehiaketaren lehenengo fasean, martxoaren 23rako, epaimahaiak modalitate bakoitzeko hiru talde onenak aukeratuko ditu. Talde horiek finalera igaroko dira. Finala maiatzaren 11 eta 12an ospatuko da, antolatzaileek izendatuko duten lekuan. Finalera heltzen diren taldeek gehienez 50 minutuz arituko dira zuzenean jotzen, epimahaikide eta ikuslegoaren aurrean. Modalitate bakoitzeko irabazleak 1.800 euro lortuko ditu. Gainera, maila bakoitzeko talde irabazlearen bi abesti jasoko dituen CD bat grabatu eta editatuko da. Guztira 500 kopia egingo dira, 100 antolatzaileentzat (musika arloko profesionalei bidaliko dizkie) eta 100 talde irabazle bakoitzarentzat.

Sari gehiago

Halaber, Euskera Zerbitzuak sari berezia emango du: 600 euro euskarazko abestirik onenarentzat. Leioako talderik onenak ere saria lortuko du; taldeak gutxienez leioaztar diren bi kide izan behar ditu eta irabazten duenak 600 euroko saria lortuko du. Aterpe Gazte Bulegoa sari berezia, berriz, sail bakoitzean saritua ateratzen den taldeari emango zaio. Leioako jaiak direla eta, ekainaren 15 edo 16an punta-puntako talde baten aurretik jotzea izango da saria. Azkenik, Ikuslegoaren Saria ere banatuko da; finaletara hurbiltzen den ikuslegoak, finaletako talderik onena hautatuko du eta irabazleak Leioan zuzenean jotzeko aukera izango du. Epaimahaia musika arloko profesionalek, prentsa idatziko eta irratiko profesionalek osatuko dute. Horrenbestez, eman gabe utzi ahal izango ditu sariak, hala iritziz gero.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun