"MacNaught" deritzon kometa izango da ikusgai aste honetan ilunabar aldera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urt. 10a, 20:44

"MacNaught" izenarekin ezaguna den kometa izango da ikusgai aste honetan ilunabar aldera Euskal Herriko zeruetan. Zeruan ipar-ekialdera begiraturik ikusiko da, baina eguzkitik oso gertu dagoenez, ez da erraza izango kometa aurkitzea. Eguzkia sartu baino ordu erdi lehenago gutxi gorabehera da une egokia kometa behatzeko, arratsaldeko 6ak aldera, hain zuzen. Ekialderantz begiratu behar da, zeru ertzaren ondoan. Donostiako Zientziaren Kutxaguneko iturriek azaldu dutenez, 2006ko abuztuaren 7an aurkitu zuen Rob MacNaught astronomo australiarrak kometa hori. Argazkian, lagun artean, "MacNaught" kometa deitzen zaio, baina C/2006 P1 du izen ofiziala.

Esan bezala, egunotan, Euskal Herritik ikusgai izango da kometa aurkitu berri hori. Nahiko distira bizia du ilunabarrean. Baliteke ilunabarreko argitasunak kometa ikusten ez uztea, eta hori gertatuz gero, prismatikoekin berehala ikusiko da. Fenomeno hori ikusteko, aski da orientazio-ariketa xume bat egitea. Lehenik, puntu kardinalak bereizi behar dira: iparraldea, hegoaldea, ekialdea eta mendebaldea; gero, ekialdean mendirik eta eraikinik gabeko zeru ertza bilatu behar da; arratsaldeko 6ak aldera ekialdera begiratu eta ilunabarrean "MacNaught" kometa bilatu (puntu distiratsu itxura du). Aste honetan bakarrik ikusi ahalko da kometa, hilaren 14tik aurrera, ia ezinezkoa izango baita hura ikustea.

Betiko urrunduko da

Arroka izoztuak dira kometak. Perturbazioren baten eraginez, orbitaz aldatu eta eguzkira hurbiltzen hasten dira, beren isats luze ezagun horiekin. Kometa batzuk maiztasun jakin batekin itzultzen dira eguzkirantz (Halley kometa, esaterako, 76 urtez behin; beste batzuk, hainbat mila urtez behin); beste batzuk, berriz, betiko urruntzen dira eguzkitik. Badirudi bigarren horietako dela "Macnaught" kometa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun