Euskal artisten inguruko erakusketa zuzentzen ari da Estatu Batuetan Arte Ederren Fakultatea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urt. 10a, 22:26

Euskal artistak dira protagonista AEBetako Indiana estatuan otsailaren 18ra arte bisitatu ahal izango den erakusketan. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultatea (argazkian) koordinatzen ari da "From rust to restoration" izeneko erakusketa eta Indiana University Northwest-ek babesten du. Unibertsitate horrek eta EHUk lankide-hitzarmena dute. Erakusketa Chicago inguruan dauden bi aretotan jarri dute: Center for Visual and Performing Arts in Munster, Munster-eko erabilera anitzeko arte-zentroa eta Indiana University Northwest-eko bertako aretoa, Garyko egoitzan. Azken hau galeria komertziala da. Nahiz eta Indianakoak izan, Munster eta Gary Chicago inguruko herriak dira.

Guztira berrogei obra inguru dira, honako artista hauenak: Jose Ramon Anda, Luis Candaudap, Eduardo Chillida, Iñaki de la Fuente, Angel Garraza, Kepa Garraza, Alfonso Gortazar, Juan Humaran, Jose Angel Lasa, Jesus Mari Lazkano, Jesus Lizaso, Maite Martinez de Arenaza, Elena Mendizabal, Ignacio Palacios Saez, Alejandro Quincoces, Sonia Rueda, Dora Salazar, Daniel Tamayo, Jabier Villarreal Armendariz eta Esperanza Yunta Barasoain.

EHUra bisita

Arte Ederren Fakultatearen eta Indiana University Northwest-en arteko harremanak iazko udaberrian hasi ziren, unibertsitate horren ordezkarien talde batek, errektorea buru zuela, Bilbo eta Euskal Herriko Unibertsitatea bisitatu zituenean. Indianako zenbait arte-zentrotako zuzendariak ere egon ziren talde hartan. Unibertsitate biek lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren, Indianan euskal artisten erakusketa antolatzea planteatu zen. Jose Maria Herrera Arte Ederren Fakultateko Unibertsitate Hedakuntzako dekanordea arduratu da erakusketa koordinatzeaz. EHUk, Eusko Jaurlaritzak eta BBK-k katalogoaren edizioan lagundu dute. Bertan, Xabier Saenz de Gorbea e Ismael Manterolaren testuak, besteak beste, agertzen dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun