Imanol Garai alkatea atzo elkartu zen Eusko Jaurlaritzako Ur Saileko arduradunekin sarrera berria proiektatu den azaleraren ezaugarriak lekuan bertan ezagutu ahal izateko. Ur Sailak, Ingurumena eta Lurralde Antolamendua Sailaren barruan dagoena, proiektu berriak zonalde horretako erreketan eta itsasotik hurbilago dagoen eremuan izango duen eragina aztertu zuen. Bisita amaitu ondoren, Ur Saileko arduradunak Udalak aurkeztutako azterketarekin bat etorri ziren, tokiko arduradunen arabera.
Bareñoko etxebizitzak
Garaik bere poza agertu zuen proiektu berriaren aurrean. “Sopelako auzokoek Uribe Kostako korridorearekin lotura berria izango dute. Sopela ondo komunikatua egoteagatik eta gure herrian sartzea erraza izateagatik egiten ari garen esfortsurako aurrerapausu garrantzitsua suposatzen du ekimen honek”, azaldu zuen alkateak. Egitasmo berriarekin Uribe Kostako korridorea ez da bakarrik herrigunearekin Larrabasterrako zonaldetik lotuta egongo; errepide berria egongo da herrian sartzeko. Horretaz gain, “Bareñoko eraikin berriek ere sarbide egokia izango dute eta hondartzak haien artean lotuta geratuko dira, sopeloztarren eta bisitarien eskaerei erantzuna emanez”, amaitu zuen udal agintariak. 2007ko urte amaieran babestutako etxe ugari eraikitzea aurrikusten dute, 200 inguru, babes ofizialekoak batzuk eta tasatutako salneurrikoak beste asko, Bareño, Asu eta Loiolan.