Ildo horretan, hitzarmenak "lankidetzarako esparru egonkorra" aurreikusten du Herrizaingo Sailaren eta Eudelen artean. Horren baitan, hainbat urrats emango dira berehala: bi administrazioetako kide kopuru bera izango dituen hitzarmenaren Jarraipen-batzordea eta Idazkaritza Teknikoa sortuko dira, eta EAEko Udaltzaingoak Koordinatzeko Zuzendaritzak, Herrizaingo Sailari atxikitakoak, lanerako plana aurkeztuko du, horrek izango baitu hitzarmenean jasotako neurrien garapena eta aplikazioa dinamizatzeko eta bultzatzeko ardura. Jarraipen-batzordeak bilerak egingo ditu noizean behin lan-egitasmoa sortu eta onartzeko eta Idazkaritza Teknikoa izango da onartutako neurriak benetan betetzen eta betearazten diren baieztatzeko arduraduna. Ekimenak martxan jartzeak eragiten dituen kostuei bi Administrazioek egingo diete aurre, erdi bana.
Beste pausu bat
EAEko Poliziari buruzko Legeak jasotakoaren arabera, EAEko Administrazio Orokorraren eta Toki-Administrazioen menpe dauden taldeek osatzen dute EAEko Polizia, eta, administrazio horiekin duten menpekotasun organikoa gorabehera, Herrizaingo Sailari dagokio EAEko udaltzaingoak koordinatzea. Udaltzaingoak koordinatu eta indartzeko asmoz egindako proposamenak garatzeko, Herrizaingo Sailak zuzendaritza berri bat (Udaltzaingoak Koordinatzeko Zuzendaritza) sartu zuen legealdi honen hasieran, udaltzaingoak pertsonen segurtasuna eta EAEko herrietan ordena bermatzeko behar-beharrezkoak diren uste osoa baitu. Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) eta zuzendaritza berri honek elkarrekin bultzatuko dituzte EAEko udaltzaingoen gaitasunak bultzatzeko neurriak.