Internet bidez ordain daitezke Getxoko udal zerga, tasa eta isunak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urt. 19a, 11:56

Getxokoa da herritarrei “ordainketa-pasabidea” edo, "segurtasun osoz", zergak, tasak eta isunak udal webgunearen (www.getxo.net) bidez ordaintzeko zerbitzua eskaintzen dien Bizkaiko lau udaletako bat. Bai Getxon, bai zerbitzu honetara batu diren Euskal Autonomi Erkidegoko (EAE) beste udal batzuetan ere ordaindu ahal izango da. Eusko Jaurlaritzak eratutako plataforma da eta hainbat erakundek eta Bilbao Bizkaia Kutxak (BBK) osatzen dute. Datozen hilabeteetan beste erakunde eta banketxe batzuk bat egingo dutelakoan ere badaude. “Zerbitzu berria erosoa eta azkarra da, eta norberaren etxetik bertatik zergak eta tasak ordaintzeko bidea errazten die herritarrei. Atebide honen bitartez eta behin bakarrik sartuta Getxokoak eta plataformara bildutako gainontzeko erakundeetako ordainketak egin ahal izango dira. Getxoztar Bilboko Udalaren tasa bat edo Errenteriako isun bat ordaindu ahal izango du”, aipatu zuen atzo goizean eskainitako prentsaurrekoan Imanol Landa alkateordeak. Argazkian, Getxoko udaletxea.

Sistema honen beste ezaugarrietako bat da egindako ordainketa egiaztatzen duen agiria inprimatzeko aukera dagoela. “Ordainagiri horren bitartez, herritarrak bere zorra ordaindu duenaren berme juridiko osoa edukiko du, hori guztia, modu errezean ganera”, gehitu zuen Landak. Gestio-aukerak areagotu egingo dira etorkizunean. Gaur egun, BBKk baino ez du lan egiten plataforma honekin, baina datozen hilabeteetan beste banketxe batzuk ere bat egingo dute. Hartara, beste banketxe eta aurrezki kutxa batzuetan kontuak dituzten beste herritar askok ere erabili ahal izango dute sistema berria. Oraingoz behintzat, Bizkaiko lau udalek baino ez dute zerbitzua eskaintzen: Bilbokoak, Amorebieta-Etxanokoak, Basaurikoak eta Getxokoak.

Udal webguneko bisitarien kopuruak gora

Bestalde, udal webguneko bisitak %85 hazi ziren 2006an, aurreko urtekoarekin alderatuta, Euskaltel enpresak eskainitako datuen arabera. “2001etik hona igarri egin da bisita kopuruak gora egin duela etengabe. Halabaina, iaz gertatu zen jauzirik ikusgarriena, 2005ean izandako 753.004tik 2006ko 1.390.614ra pasa zela”, Landak azaldu zuenez. Alkateorde nagusiak dio zenbaki hauek ikusgarriak direla eta beren oinarrian bi arrazoi daudela: batetik, Internet eta udal webgunea gero eta herritar gehiagok erabiltzen dituztela, udal informazioaren erreferente gisa eta, bestetik, tokiko erakundeak zerbitzu hobeagoa eskaintzearen eta euskarri horren bilakaera bizkorrera egokitzearen alde egindako apustua, komunikazio sistema honen abangoardian kokatu dela. “Teknologia berrien bidez komunikazio horren alde egin den apustua argi ikusi da azken urteotan jardun jakin batzuen bitartez: azken legegintzaldian 'home' berria egokitu da, eskuragarritasun neurri garrantzitsuak ezarri dira, baita udal gestioak egiteko zerbitzu berriak ipini ere”, Landak aipatu zuenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun