Aiboa Casares 2002ko martxoaren 8ko ordu txikietan atxilotu zuten, Segiren kontrako operazioaren barruan. Casares Areetan zegoen, bere mutil lagunaren etxean, atxilotua izan zenean. Gau hartan hamabi lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak, Baltasar Garzon epailearen aginduz. Garzonek atxilotuei "Jarrai-Haika-Segi" erakundeko "arduradun nagusiak" izatea eta kale borroka koordinatzea leporatu zien, "ETA-Ekin" azpiegituraren barruan kokatuz. 2005eko apirilaren 27an, berriz, Casaresekin batera preso zeuden Haika eta Segiko ia kide guztiak libre utzi zituzten eguerdian Espainiako Auzitegi Nazionaleko 4. Aretoko epaileek.
Ia hiru urte gehiago
2005eko ekainean, aldiz, bi urte eta erdi eta hiru urte eta erdi arteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Espainiako Auzitegi Nazionalak "Haika-Segi auzian" epaitutako 28 gazteetarik 24ri. Zehazki, gazte horiek "legez kontrako elkarteko buruzagi edo kide" direla zion epaiak, baina, era berean, Jarrai, Haika eta Segi ez direla "erakunde terroristak" ebatzi zuen, "ETAren helburuekin bat egin arren" ez dutelako inoiz armarik erabili. Epaituei ezarri zizkieten zigorrak Fiskaltzak eskatutakoak baino nabarmen txikiagoak ziren. Gainera, epaituetako lau absolbitu egin zituen tribunalak. Aiboa Casares astrabuduarrari, hiru urte eta erdiko espetxe zigorra jarri zioten, espetxean hilabete bat eta hainbat aste eginda zituenean. Santentzia berriaren arabera, beste bi urte, hamar hilabete eta pare bat aste egin beharko ditu kartzelan Casaresek.