Telefonia antenei buruzko proposamena aurkeztu du Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urt. 19a, 19:08

Getxoko PPk bost puntutako mozioa aurkeztu du gaur telefonia antenen inguruan. Marisa Arrue eta Eduardo Andrade zinegotzi popularrek azaldu dutenez, antenek sor ditzaketen osasun arazoak ezbaian daudela, “zalantzaren aurrean, gure hiritarren osasunaren alde egin behar dugu udaletxetik”. Horregatik eta egunero uhin eta erradiazio elektromagnetikoak pairatzen dituzten auzokideen artean sortutako kezka dela eta, Getxon dauden telefonia estazioak erregulatzea eskatu dute. Mozioan bost puntu jasotzen dira: antena gehiago jar ez dadin luzamendua; antena guztien errebisioa; politiko, tekniko eta auzokideen arteko ikerketa batzorde bat eratzea; antenak leku populatuenetatik at edo gutxienez ikastetxe eta osasun etxeetatik urrun kokatzeko mapa ezartzea; eta baldintza zorrotzak izango dituen ordenantza berria onartzea. Argazkian, garabi batek telefonia antena bat muntatzen iazko martxoaren 30ean, Itzubaltzeta /Erromoko Ganeta plazako 1. atariaren gainean.

Udal Gobernuak ez du informaziorik ematen

Getxoko PPk Areetan duen egoitzan aurkeztu dute goizean hilaren 26an Udal Batzarrera eramango duten mozioa. Popularrek ez dute adierazi bat datozenentz telefonia antenak arriskutsuak direla esaten duten ikerketekin, baina bai horiek eta kontrakoa esaten duten azterketa guztiak kontuan hartu behar direla eta eztabaida argitu arte hobe dela hiritarren osasunarekin zuhurrak izatea eta baldintza gogorrak jartzea. Aurkezpenean zehar, popularrek Antena ez elkarteak egindako lana goraipatu dute. Izan ere, aitortu dute udalerriko 33 antenei buruz dituzten datuak elkarte horri esker izan dituztela, eta Udal Gobernuari eskatu arren udaletxean ez dutela inolako informaziorik jaso. Era berean, ez dakite Madrilgo Kongresuak egindako eskaera heldu den eta, horrela izatekotan, Udalak erantzun duenentz.

Marisa Arrue PPko alkategaiak zabaldu duenez, herritarrek detektatutako 33 antenetatik batek ere ez ditu betetzen lege arau guztiak eta gainera horien erdia guztiz ilegala da. Horregatik, defendatu du Getxok Portugalete edo Galdakao bezalako udalerrien adibidea jarraitu behar duela. Jarrilleroek telefonia antenak udal eraikinetan jartzea baino ez dute ahalbidetzen eta konpainiek instalazioa partekatu behar dute. Hortik landa, 24.000 euroko isunak ezarri dituzte. Galdakaon, berriz, antena guztiak jarri behar dira leku populatuenetatik kanpo.

Beste taldeen babesik ez oraingoz

Lehenengo pausua, antena gehiago jar ez dadin luzamenduaren zergatia azaldu du Arruek: “tarte batean ez litzateke lizentzia gehiago eman behar. Gainera, ikerketa bat egitera goazela jakinda, enpresek antenak jartzeko lanak arinduko lituzkete ikerketa aurretik ezartzeko. Horregatik behar-beharrezkoa da luzamendua”. Era berean, antenak gaur egun nahi den lekuan jartzen direla deitoratu du, Bidezabalgo osasun etxe ondokoa adibidetzat jarriz. Horren aurrean, udal eskuduntza ezaren argudioa erabiliz gaia Madrilera edo Lakuara bidaltzeko estrategia kritikatu du Arruek.

Getxoko PPk bi iturritatik edan du mozioa prestatzeko. Alde batetik, Antena Ez elkartetik eta beste aldetik, Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioak (FEMP) Espainiako Industria Ministerioak eta telefonia enpresek osatutako batzordeak udalei emandako aholkuetatik. Bestalde, onartu dute mozioa aurrera egiteko beste taldeen babesa behar izango dutela eta orain arte ez dutela laguntza hori bilatu, baina espero dute beste taldeek ekimena eztabaidatu eta onartuko dutela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun