Ikasle getxoztarrek azterketak prestatzeko 500 leku izango dituzte aurten. Gauzak horrela,
Getxoko Kultur Etxeko liburutegi eta ikasgelen ordutegiak luzatuko dituzte otsailaren 4ra arte, astelehenetik ostiralera. Halaber, larunbatetan eta igandeetan ere zabalik egongo dira. Horrezaz gain, Algortako J.B. Zabala eta Itzubaltzeta / Erromoko Romo ikastetxeek, eta Algortako Getxo I institutuak ere zenbait ikasgela eskainiko dituzte otsailaren 8ra arte. Algorta (San Nikolas eta Villamonte), Areeta eta Itzubaltzetako liburutegiek 266 ikasleku eskainiko dituzte eta euren ordutegia 9:15etik 14:00etara eta 16:15etik 20:00etara egongo dira zabalik astelehenetik ostiralera. Larunbatetan, berriz, ordu bat lehenago itxiko dute goizez eta, azkenik, igandeetan, 16:15etik 20:00etara baino ez dira egongo irekita. Bestalde, Santa Eugeniako (Itzubaltzeta / Erromo) ikasgelak 22:00ak arte egongo dira eta, Getxoko kiroldegian, 21:45era, astelehenetik igandera. Argazkian, San Nikolaseko liburutegiko ikasgela.