Espainiako Auzitegi Nazionalak atxilotzeko agindua eman eta ordu gutxitara inguratu da polizia Aiboa Casaresen etxera, Astrabuduako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak UKBERRI.NETi jakinarazi dionez. Guardia Zibileko agenteak izan dira lehendabizi agertu direnak, arratsaldeko 5ak aldera, baina ez dute gazte astrabuduarra etxean harrapatu. Handik ordu laurdenera ertzainak hurbildu dira bertara eta, orduan ere ez zegoen etxean Casares. Informazio gehiagorik ez duela baieztatu du errepresioaren aurkako erakundeak. Bitartean, auziperatutako
hiru lagun atxilotu dituzte Guardia Zibilak eta Ertzaintzak. Espainiako Auzitegi Nazionalak eguerdian eman du
Aiboa Casares astrabuduarra eta beste 22 gazte atxilotzeko agindua, Auzitegi Gorenak Jarrai, Haika eta Segi "talde terroristak" direla ebatzi ostean. Dagoeneko ebazpena salatzeko lehenengo mobilizazioak deitu dituzte. Besteak beste, Itzubaltzeta / Erromoko Kolas plazan jarri dute hitzordua bihar 20:00etan. Argazkian, joan den ostiralean, Itzubaltzetan izandako manifestazioa.