Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak atzoko manifestazioaren ondoren plazaratu zuen komunikatuan Euskal Herrian “egoera gordina” bizi dela salatu zuen. AAMren aburuz, egoera hori kartzelan bizi den errealitatearekin guztiz lotuta dago eta Jon Bilbao zein beste euskal preso politikoek pairatzen dituzten erasoak salatu beharra dago, Bilbaoren kasua presoen egoeraren adibide adierazgarria delakoan.
1997an zigorraren hiru laurdenak bete zituen Jon Bilbaok
Jon Bilbao Moro 1982ko urtarrilaren 15ean atxilotu zuten eta 9 egun eman zituen inkomunikatuta. Behin torturatuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak 30 urte eta 10 hilabeteko zigorra ezarri zion. Handik hona, denbora gehiena dispertsatuta, isolatuta eta 1. graduan eman du Bilbaok, gainera Espainiako espetxez espetxe ibili dela, Euskal Herrian 25 urte hauetatik 18 hilabete baino ez dituela igaro. AAMren arabera, “giza eskubiderik” zer den ere ez du ezagutu Bilbaok. 1997an, zigorraren hiru laurdenak beteta, kalera ateratzea zegokion, ez ohiko erredentzioak kontuan hartuta. Bestela, soilik ohiko erredentzioak zenbatuz gero, 2002an izango zukeen zigorra betea. AAMren ustez, Jon Bilbao “Euskal Herriak bere etorkizunaren jabe izan dadin lan egin duelako eraso egin dute”. Beste euskal preso politikoek ere Euskal Herriak “askatasunez erabaki dezan” bilatzen ei dute. Testuinguru horretan kokatu zuten atzo ezagutu zen Jarrai-Haika-Segi sumarioari Espainiako Epaitegi Gorenak emandako epaia, gazte erakundeak terroristatzat joz 23 eta inputatuei 6 urteko zigorra ezarriz, tartean Astrabuduako alaba den Aiboa Casares.
“Estatuen konponbierako gogoen termometroa zero azpitik dago”
Baina, Jon Bilbaok erresistentziaren ikurra ere izan da eta izaten jarraitzen du, AAMren esanetan. Erasoen aurrean mobilizazioei ekin die behin eta berriro, tartean gose grebak eta txapeoak erabiliz. Egoera horri azken boladan espainiar eta frantses estatuek “bizi arteko zigorra” gaineratu diote: “presoen egoera estatuen konponbiderako gogoen termometro ona da”, argitu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, baina Parisen eta Madrilen termometroak “zero azpitik daude”. Horren adibiderik onena gaur bigarren gose grebako 75 egun bete dituen Iñaki de Juana da, errepresioaren aurkako erakundearen ustez.
Izan ere, Madrilek eta Parisek “txantaje politiko gisa” erabiltzen dituzte presoak, Euskal Herriarekin duten gatazka politikoa alboratzeko. Amnistiaren Aldeko Mugimendutik horrelakorik onartzeko prest ez daudela eta, amnistiaren bidetik, autodeterminazioa eta lurraldetasuna defendatzeko asmoa agertu zuten. Horrekin batera ziurtatu zuten errepresioa erabiliz ez dela konponbiderik egongo eta sasikonponbiderik ez dutela onartuko.