Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeak
terroristatzat jo zituela jakin eta hurrengo egunean hainbat mobilizazio egin zuten atzo iluntzean Uribe Kostan. Besteak beste, 100 bat pertsona kontzentratu ziren Algortako Txiki eta Otaegi plazan, Ertzaintzaren zaintzapean, Telletxetik abiatu behar zen manifestazioa polizien presentziagatik bertan behera gelditu ostean. Itzubaltzeta / Erromon zehar 62 lagun ibili ziren manifestazioan eta PSE-EEk Areetan duen egoitzaraino eraman zuten protesta. Astrabuduan ere, 60 bat pertsonek Gorenaren erabakiaren aurka eta Segi eta Aiboa Casaresen alde agertu ziren. Berangon, berriz, 20 lagun izan ziren Gudarien enparantzan egindako mobilizazioan. Goizean, Gasteizen 100 bat gazte independentistek salatu zuten “euskal gazteri osoaren aurka eta ondorioz Euskal Herriaren aurkako epaia”,
Ertzaintzak prentsaurrekoko kideak indarrez atxiki eta haietako bi atxilotu baino lehen. Bestalde, Olatz Carro auziperatu santutxuarra Murgian atxilotu zuten atzo. Argazkian, ume bat Itzubaltzeta / Erromoko manifestazioari so.