Getxoko Udalak behartsuenei mailegu txikiak eman diezazkien eskatu du PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urt. 23a, 19:40

Getxoko PPk giza bazterketa edo beharra pairatzen dutenentzako funtsa ekonomikoa eratzeko mozioa aurkeztu du prentsa ohar baten bidez, datorren ostiralean burutuko den Udal Batzarrari begira. Aipaturiko funtsa Getxoko Udalak sortu beharko luke eta finantza erakundeen bitartez banatuko litzateke, interes tasa txikian edo interesik gabeko mailegu txikiak emanez, gizarte bazterketaren aurka borrokatzeko helburuarekin. Alderdi Popularrak ez du argitu mozioa onartzekotan funtsa zenbatekoa izan beharko litzatekeen ezta finantziazioa nondik irtengo litzatekeen ere. Marisa Arrue zinegotzi popularraren aburuz, “bazterketaren aurkako borroka administrazio ororen lehentasunezko helburua izan behar da, baina tokiko administrazioak, auzokideengandik hurbilena izanik, egoera horretan dauden pertsonak laguntzeko kezka nagusiena izan behar du”.

PPk zehaztu ditu maileguak jaso ahal izango lituzketen kolektiboak zeintzuk diren: “iraupen luzeko langabetuak, pertsona bakarreko familiak, tratu txarrak jaso dituzten emakumeak, etorkinak edota giza bazterketa pairatzen duten pertsonak”. Izan ere, jendarte talde hauek askotan “ez daukate mailegu sistemara sartzerik” bai interes handiak jartzen dizkietelako, bai abala eskatzen dietelako. Era berean, enpresa txikiek eta irabazirik gabeko erakundeek ere funtsa horri etekina ateratzeko aukera izango lukete. Mailegu sistema horretan, “Udalak pertsonen eta finantza erakundeen arteko bitartekari lanak egingo lituzke”, Arrueren arabera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun