Bihar Uribe Kosta, Bilbo eta Ezkerraldeko telebista euskalduna sortzeko batzarra izango da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urt. 23a, 20:18

Uribe Kosta, Bilbo eta Ezkerraldeko telebista digital euskalduna sortzeari begirako bilera ireki batera deitu du Ibaizabal Mendebalde Kultur Elkarteak. Batzarrera elkarte zein herritar oro dago gonbidatuta eta bihar, asteazkena, egingo da, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko Kafe Antzokian. 2006ko apirilean sortu zen Bilbon Ibaizabal Mendebalde Kultur Elkartea. Bilbo Metropolitarrerako euskara hutsezko telebista digitala martxan jartzeak batu zituen hamaika euskaltzale. Orain arte, hainbat hilabete eman dituzte, bada, proiektu hau lantzen. Besteak beste, publizitate kanpainak egin dituzte, www.ibaizabaltb.com web-gunea abian jarri dute eta bonoak saltzeari ekin diote. Argazkian, maiatzaren 19an, Bilboko Kafe Antzokian egin zen Ibaizabal herri ekimenaren talde eragilearen aurkezpena.

Joan den urteko abenduaren 28an, lurreko uhinen bidezko telebista zerbitzua zeharkako kudeaketa erregimenean eskaintzeko emakidak lortzeko lehiaketa zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, eta proiektuak aurkezteko epea martxoaren 23an amaituko da. Modu honetan, Bilbo Metropolitarreko herritarrei euskarazko telebista digitalaren proiektuaz informatzeko asmoz deitu dute bilera irekia. Batzarrean, Ibaizabal Mendebalde Kultur Elkarteak orain arte emandako pauso guztiei buruz informatuko da, bai eta datozen asteetan eman beharrekoei buruz ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun