Amnistiaren Aldeko Mugimenduak astelehenean plazaratutako oharra:
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Espainiar auzitegi nazionalaren eskutik sumario ezberdinetan inputatuak diren lagunekin batera eskaini du gaur prentsaurrekoa Usurbilen.
Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundearen kontra auzitegi nazionaleko gorenak ebatzi berri duen epaia gogor salatu da bertan, zeinak gazte erakundea terrorista izendatzen duen eta 23 gazteren atxilotze eta kartzelatze agindua eman duen.
Honako epaiak, legezko bilakatzen baitu proiektu politiko baten kriminalizazioa, militanteen kontrako pertsekuzio eta zigorra, baita eskubide zibil eta politikoen urraketa ere.
Honako epaiak, ateak ixten dizkio parez–pare, bide politikoari eta beraz, elkarrizketari.
Herri honen kontrako erasoa ulertzen dugu. Oso oker baitaude, ezker abertzalearen arazo gisa ulertzen duten horiek. Euskal Herriaren bizitza politiko eta soziala baldintzatu, etorkizunari ateak itxi eta funtsean, hitza eta erabakia erdiesteko herri hau murgildua den ibilbidean eskua sartu eta berau zuzentzeko erasoa baita honakoa.
Herri gisa erantzun behar zaio eraso honi. Herri gisa babestu baita ere, herri honetako gazteria. Izan ere, bere gazteria babesten ez duen herriak ez baitu etorkizunik, ez bada sumisioan eta menpekotasunean.
Euskal Herriak marko demokratiko berria behar du. Marko berri horrek oinarri demokratikoak behar ditu eta Euskal Herriaren hitza eta erabakia ahalbidetu behar du, egoera berri bat sortuz non proiektu politiko guztiak, Euskal Herriko lurralde guztietan defendatu eta gauzatu ahal izango diren.
Euskaldunok, Euskal Herrian egin behar dugu bide hori, trabarik gabe, esku sartzerik gabe eta bide hori zuzendu nahiz zapuzteko bide errepresiborik gabe. Euskaldunok eta soilik euskaldunok, ez beste inork.
Herri gisa erantzuteko deia luzatu nahi dugu. Datorren urtarrilaren 25ean, mobilizazio eguna izango da Euskal Herriko herri guztietan. Goizez eta arratsaldez manifestazio eta elkarretaratzeak izango dira egun honetan.
Amnistiaren Aldeko Mugimendua