Guztira, 29 txirrindularik osatuko dute 2007ko taldea. Bederatzi dira aurpegi berriak: Lander Aperribay, Mikel Astarloza, Jorge Azanza, Jon Bru, Aitor Galdos, Andoni Lafuente, Amets Txurruka, Ivan Velasco eta bi urteren ondoren taldera itzuli den Dioni Galparsoro. Baja esanguratsuenak bi dira: Iban Mayo eta Roberto Laiseka. Izan ere, bi txirrindulari karismatikoek eman dizkiote Euskaltel-Euskadiri bere historiako kirol unerik goxoenak. Mayo Saunier Duval taldera joan da, aurreko urteetako sentsazioak berreskuratzeko asmoz. Bestalde, Halaber, Iker Camaño (Saunier Duval), David Lopez (Caisse d'Epargne-Illes Balears), Iker Flores (Fuerteventura), David Herrero (Karpin), Josu Silloniz (txirrindularitza utzi du), Joseba Albizu eta Gorka Gonzalez ere ez dira egongo aurten.
Teknikariak ere berriak
Taldearen aldaketak tenkikoei ere eragin die. Horrela, Orbean izan ondoren, Jon Odriozolak Julian Gorospe ordezkatuko du zuzendari tekniko moduan, eta Xabier Carbayeda eta Gorka Gerrikagoitiarekin batera egingo du lan hori. Talde medikoan ere aldaketa izan dira, Guillermo Cuesta eta Sergio Quilez heldu baitira taldera. Txirrindulari berriekin eta beteranoen multzoarekin, Haimar Zubeldia, Samuel Sanchez eta Igor Anton buru direla, Euskaltel-Euskadik talde bezala izan zuen izaera berreskuratu nahi du. Aurre egingo dion lehenengo lasterketa otsailaren 11n izango da, Mallorcako Challengean.