Ibaizabal Mendebalde elkarteak egin duen bigarren agerraldi publikoa izan zen atzokoa. Lehena joan den urteko maiatzean izan zen; orduan, hamaika herritarrek (Kepa Junkera, Jose Angel Iribar, Begoña Vicario, Andres Urrutia, Jose Maria Arrate...) babestu zuten euskarazko telebista digitala sortzeko ekimena. Atzoko aurkezpenean, Ainhoa Markinez Ibaizabaleko kideak argitu zuen zer nolako telebista nahi duten. "Euskara hutsezko telebista gura dugu Bilbo Handirako, zabala, aurrerakoia, estilo propioarekin, Bilboko euskaldunen isla, duina eta elkarlana bultzako duena", azaldu zuen. Koldo Zelestinok, berriz, proiektu honek duen garrantziaz ohartarazi zuen: "Eusko Jaurlaritzak kaleratutako dekretuaren arabera, barruti bakoitzari lau telebista-kanal egokituko zaizkio. Gure ustez, oso inportantea da euskarazko telebista bat sortzea Bilbo Handian". Eta ez zaio arrazoirik falta; atzo emandako datuen arabera, "Bilbo Handia" deritzoten inguru horretan 160.000 mila euskaldun bizi gara eta, kopuru horri inoiz euskara ikasten edota euskararen mundura hurbildu direnen kopurua gehituz gero ia 400.000 mila lagun dira telebista hori segitzeko gai izan daitezkeenak.
Lau lizentzia
Joan den urteko abenduaren 28an zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak lurreko uhinen bidezko telebista zerbitzua zeharkako kudeaketa erregimenean eskaintzeko emakidak lortzeko lehiaketa, eta proiektuak aurkezteko epea martxoaren 23an amaituko da. Tokian tokiko telebista digitalaren proiektuaren inguruko arautegian zehaztutakoaren arabera, Kultura Sailak 15 barrutitan banatu du Euskal Autonomi Erkidegoa (EAE), horietatik sei Bizkaian. Horren arabera, Bilbo inguruko telebista euskalduna sortzeko lau lizentzia eskatu beharko ditu Ibaizabal Mendebaldek eta Hamaikak sortutako enpresak: Bilbo (hiriburua), Getxo (ibar eskuina eta Ibaizabal barrena), Barakaldo (ibar ezkerra eta hedaduraz, Enkarterriak) eta Mungia (Mungialdea) deritzoten barrutiei dagozkienak, hain zuzen. Hala ere, guzti hori bidean dagoela ziurtatu zuen atzo Zelestinok. Diruari dagokionez, "ezinbestekotzat" jo zuten herritarron laguntza. Izan ere, jarri beharreko kapitalaren (165 milioi, pezetatan hitz eginez gero) %80 Hamaikak emango duen arren, 35 milioi pezeta behar ditu Ibaizabalek. Hala ere, ideiak emanez edo talde eraginean zein lantaldeetan parte hartuz laguntzeko ere aukera badago.