Debekuaren gainetik gazteria independentistaren aldeko leloek hartu dute Uribe Kosta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urt. 25a, 22:34

Garzonek Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deitutako mobilizazioak debekatu arren “Gazteria independentista aurrera! Hitza eta erabakia askatasunez” leloa 300 bat lagunek entzunarazi dute gaur Uribe Kostan. 20:00etan, ehun bat pertsona batu dira Algortako Telletxen deialdiarekin bat eginez, baina istiluen aurkako materialez hornitutako ertzainek Garzonen debekua gogoratu dietenean, Telletxe atzean utzi eta manifestazioan abiatu dira Juan Bautista Zabala kaletik. Alferrik, baina, 20 metro aurrerago gelditu baitituzte ertzainek. Pankartan zeuden lagunek uko egin diote beren burua identifikatzeari eta bertan behera utzi dute manifestazioa. Ondoren, Telletxe kalean Etxeratek egunero egiten duen kontzentraziora batu dira “Hitza eta erabakia. Askatasunez” pankartaren atzean. Uneoro, euskal gazteria, Jarrai, Haika, Segi, Iñaki de Juana eta independentziaren aldeko oihuak eta Ertzaintzaren aurkako leloak entzun dira. 20:30ean, ertzainek kontzentrazioa bukatzeko agindu diete, ordu horretan bukatzen baita Etxeratek duen baimena. Ondoren, auzokideek 50 bat metro egin dituzte kalejiran Telletxen barrena “Zai dago ama” doinupean, eta “Eusko gudariak” abestuz amaitutzat eman dute ekitaldia. Bestalde, Leioan 65 lagun batu dira, 50 Astrabuduan eta 27 Berangon. Goizean, geldialdiak izan dira Erandioko Ategorri-Tartanga eta Itzubaltzetako Romo-Artatza institutuetan, ondoren 30 eta 15 lagun batu direla, hurrenez hurren. Argazkian, ertzainak Etxeratek Algortan egindako kontzentrazioari so.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun