Ertzaintzak 32 urteko neskame bat atxilotu zuen atzo Getxo udalerrian lan egiten zuen etxebizitzan hiru txeke lapurtu eta sinadura faltsutuz horietako bi kobratu zituela egotzita. Herrizaingo Sailak zabaldutako informazioaren arabera, emakumeak 1.000 bat euro lortu omen zituen lehenengo bi txekeak kobratzean. Hirugarrenarekin, berriz, ez zuen zorte bera, eta bankuan ez zioten onartu sinadura ez zetorrelako bat originalarekin. Gainera, neskamearen nagusiak adierazi duenez, sukurtsaletik deitu eta emakume bat bere sinadura erabiliz 480 euroko txeke bat kobratzen saiatu zela jakinarazi zioten. Taloitegian hiru txeke falta zirela eta bi jada deskontatuta zeudela konturatu ondoren, pasa den hilaren 15ean lapurretaren berri eman zuen. Ertzaintzaren aburuz, ikerketako datuen arabera neskamea izan zen txekeak ebatsi eta kobratu zituena. Era berean, “ondasunen aurkako delituak direla eta” aurrekariak dituela gaineratu du Poliziak.