2003ko hauteskundeetan, EAJ eskualdeko udalerri guztietan aurkeztu eta alkatetza bereganatu zituen. Getxon, Leioan, Erandion, Berangon eta Gorlizen EArekin batera aurkeztu zen. Sopelan, Plentzian eta Urdulizen EA izan zuen arerio. Azkenik, Lemoiz eta Barrikan jeltzaleak baino ez ziren aurkeztu. Guztira, bi alderdiek jokoan zeuden 124 zinegotzietatik 89 eskuratu zituzten, erdietsitako 45.055 botoei eta Alderdien Legeari esker. Koalizioak 49 zinegotzi eta 38.393 boto eskuratu zituen. EAJk bere kabuz aurkeztutako zerrendek 5.940 sufragio eta 37 hautetsi jaso zituzten eta EAk plazaratutakoen emaitzak 722 boto-txartela eta 3 zinegotzi izan ziren.
Jakina denez, aurten ez da EAJ-EA koaliziorik izango eta alderdi jeltzaleak zabaldu duen bezala, aurtengo hauteskundeetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ia udalerri guztietan aurkeztuko da, hiru lurralde horien populazioaren %95ek EAJ bozkatzeko aukera izango duela. Nafarroa Garaian, berriz, Lesakan, Beran, Iantzin eta Arantzan izan ezik, Nafarroa Bai koalizioaren baitan aurkeztuko da hauteskundeotara.
Aurkezpen ekitaldiak helburu bikoitza dauka EAJren aburuz. Batetik, “udal mailako alderdi modura duen tokia” finkatu nahi du, udala herritarrengandik gertuen dagoen administrazio publikoa izanik oso garrantzitsua dela azpimarratuz. Bestetik, erakunde sarearen multzoaren aldeko bere apustua agerrarazi nahi du, udalerriari kudeaketa publikoaren abangoardia iritzita. EAJk gogora ekarri nahi du Jose Antonio Agirre, Jose Antonio Ardanza eta Juan Jose Ibarretxe bezalako buruzagiak lehendakari izan aurretik alkate izan zirela, eta datu hori ez dela kasualitate hutsa, “politika behetik gorantz ulertzearen emaitza” baizik.
Ekitaldian, alkate eta zinegotzi guztien lana ere goretsi nahi dute jelkideek, “baita gizartearen aldarazpen handien garaietan egin dutena ere”, udal mailako “liderrak” izanik, herritarrak bizikidetza, eta elkartasunezko etorkizun hobea eraikitzen parte hartzera bultza litzakeela sinestuta.
Aurkezpenera, datorren maiatzeko hauteskundeetarako izangaiez gain, zazpi lurraldeetako oraingo udal eta herrialde mailetako taldeetako hautetsiak ere gonbidatu dituzte.