"Kartzelan usteltzea" opa dio De Juanari Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko urt. 26a, 22:52

Aurreko udalbatzarretan bezala, ETAk hildakoen efemerideak hartuta hilabeteari dagozkionak gogoratzeko mozioa aurkeztu du gaur Getxoko PPk. Besteak beste, biren izenak azpimarratu ditu Carlos Aranguren zinegotzi popularrak, Alberto Jimenez Becerril eta, horren emaztea, Ascension Garcia Ortiz; "alderdikideak izateaz gain, gupidagabe hil zituztenean, beste bihozgabe batek xanpain eta otarrainxkak eskatu zituelako kartzelan, erailketa ospatzeko". Medikuen arabera hiltzear egon daitekeen arren, atzo bertan Espainiako Auzitegi Nazionak espetxean jarraitzea erabaki zuen Iñaki de Juana Chaos euskal preso politikoari buruz ari zen PPko kidea. "Erabaki horren aurrean, ahoa betetzen zaie askori bere askatasuna eskatuz. Urte askotan bizi eta kartzelan usteltzea opa diot nik", amaitu du Arangurenek. Epaitegian aurkeztu behar izateagatik, Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren aldeko elkartasun adierazpenari buruz eztabaidatzean, ordea, duda-mudarik ez du izan Marisa Arrue Espainiako alderdiko bozeramaile getxoztarrak "botere judizialaren independentziaz eta, horrek, demokraziari dakarkion bermeaz" hitz egiterako orduan. Kontuak kontu, azaroaren 7an ekin zion berriro De Juanak gose greba mugagabeari Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko lehen aretoak 12 urte, 6 hilabete eta egun bateko espetxe zigorra ezarri eta gero, 2004ko abenduan "Gara" egunkarian kaleratu zituen bi artikulu aitzaki hartuta. Argazkian, Iñaki de Juanaren alde Algortan egindako mobilizazio baten irudia.

Iñaki Zarraoa alkateak, bere aldetik, De Juana zein Jarrai, Haika eta Segiren aurkako erabakiak arbuiatu ditu, Getxo Biziak egindako galderari erantzunez. Hala ere, txandapasa eginez, eurek Barajasko atentatua salatzen ote duten bota dio Josu Amezagari udal agintariak, dagoeneko ezker abertzaleko herri plataformako ordezkariak aipatu gertaera "politikoki zein gizatasunetik begiratuta larritzat" joa zuenean. Hain zuzen ere, Madrilen abenduaren 30ean gertatutakoa izan da gaurko udalbatzarreko gai potoloetako bat. EAJk, EAk eta EB-Berdeek osatzen duten udal gobernuak adierazpen instituzionala egiteko proposamena jarri du mahai gainean; PPk, berriz, mozio propioa aurkeztu du; eta PSE-EEk popularrek agertutakoaren gaineko zuzenketa. Eztabaidak eztabaida, Eusko Legebiltzarrean bezala, sozialisten babesa jaso du hirukoak, Gotzone Morarena izan ezik. Getxoko PPren iritziarekin bat eginez, "elkarrizketa demokratikoa" baztertu eta "zuzenbide estatuak ematen dituen tresna guztiak (Estatuko Segurtasun Indarrak barne)" erabiltzea eskatu du tokiko PSE-EEko zinegotzirik popularrenak, "terrorismoari aurre egin eta eskubide eta askatasun guztiak defendatzeko".

Lehendakariari elkartasuna

Batasunarekin bildu izanagatik EAEko Auzitegi Nagusiak zabaldutako auzia dela eta, Ibarretxe lehendakariari elkartasuna adierazteko orduan, aldiz, sozialisten babesik (ezta Morarena ere) ez du izan udal gobernuak. PSE-EEko buruek emandako jarraibideei kasu eginez, "botere judizialarekin istiluak saihestu" nahi izatea argudiatu du Almansak. "Gure alderdikideei ere gauza bera leporatu diete. Hala ere, ez dugu hori epaileen aurka egiteko erabili", gaineratu du. Arruek bere aldetik, "botere judizialaren independentzia" defendatu eta, "horrek, demokraziari dakarkion bermeaz" hitz egin du. Horri erantzunez, "politikan eskua sartzea" egotzi dio botere judizialari Imanol Landa EAJko bozeramaileak. Azkenik, galde-eske txandan, lehendakariari elkartasuna adierazteak, kontu beragatik egun bat lehenago (urtarrilak 30) deklaratu beharko duten Arnaldo Otegi, Pernando Barrena eta Juan Joxe Petrikorena Batasuneko ordezkariei ere "hedagarria" den galdegin dio Getxo Biziako eledunak Zarraoari. Udal buruak "elkartasun osoa" adierazi die hiruei.

Algortako istiluak

Atzo gauean Algortan izandako kale istiluei buruz, "terroristatzat" jo ditu Arruek, "autobus bat erretzen saiatu zirenak" eta barruan zeudenei zein herritar guztiei adierazi die elkartasuna. Behin, sozialisten bozeramailearen "kondena" edukita, behin eta berriro zirikatu ditu udal gobernuko ordezkariak, horren gainean adierazpenen bat egin zezaten. Azkenik, Landak erantzun dio, EAJ zein Udalaren izenean, "eraso horien inguruan, udal talde guztien iritzia zein den argi eta garbi" dagoela esanez. Bestalde, urtarrilaren 5ean, Erregeen Kabalgatan Algortan gertatutakoa gaitzesteko mozioa ere aurkeztu du Getxoko PPk. Arruek "kale istilutzat" eta "laidotzat" jo du zuriz jantzitako hainbat ezezagunek preso eta iheslarien aldeko ikurrak ateratzeak: "Erregeen Kabalgataren jabe egin ziren erradikalek, euren erreibindikazio terroristak plazaratzeko", gaineratu du. Are gehiago, jakin bazekienez, udal gobernuak ez zituela mozioak eztabaidatuko, "legez kanpo dagoen Getxo Bizia bezala, publikoaren artean jarri eta galde-eske txandan hitz-egin" beharko duten itaundu dio Zarraoari bozeramaile popularrak. Bide batez, PPren kexak "funtsik gabekoak" direla aipatuz, Ibarretxeren aldeko adierazpen instituzionalak goraipatzen duen "inor baztertzen ez duen elkarrizketa", Getxo udalerrian "minimoen azpitik" dagoela salatu du Josu Amezaga ezker abertzaleko ordezkariak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun