2006-2007 ikasturteko datuen arabera, Uribe Kostan 6.171 haur daude haur hezkuntza arrunteko 337 gelatan (ikusi taula pdf formatuan) eta haietariko 3.604 (%58,40) dago D ereduan, 1.353 (%21,93) B ereduan, 1.147 (%18,59) A ereduan eta 67 (%1,08) X ereduan. Hortaz, Uribe Kosta Bizkaiko parez-parekoa baino okerrago dago ikasleen hizkuntz eskubideak bermatze aldera. Lurraldean, 42.726 umek ikasten du haur hezkuntza, haietako 27.200ek (%63,66) D ereduan, 11.801ek (%27,62) B ereduan, 3.323k (%7,54) A ereduan eta 402k (%0,94) X ereduan.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak euskararen ezagupena ebaluatzeko 2005ean erabili zuen B-2 azterketaren arabera D ereduan ikasitakoen %68, B eredukoen %33 eta A zein X eredutakoen %0 baino ez dira gai euskaraz era egokian moldatzeko. Emaitza global horiek Uribe Kosta zein Bizkaiko haur hezkuntzako haurrei egokituko bagenieke, Uribe Kostan umeen %46’95 eta Bizkaian %52,40 baino ez liratekeela ganoraz euskaldunduko izango genuke. Jakina, portzentaje horiek aldagai askorekin alderatu beharreko gutxi gorabeherako indizeak baino ez direla.
